Itxi

telebista

Kopako Finala

Athleticen eta Realaren arteko Kopako finala, zuzenean, ETB1en

EITB Media

EITBk baliabide eta bitarteko guztiak jarriko ditu finalaren mesedetan: 19 kazetari, 24 kamera, helikoptero bat, plato ikusgarria, zuzeneko saioak, elkarrizketak eta gonbidatu bereziak.

0:48
Jon Balentziaga kazetaria

ETB1ek zuzenean eskainiko du apirilan 3an, Athleticek eta Realak jokatuko duten Errege Kopako finala 21:30etik aurrera. Sevillako Cartuja estadioan jokatuko den norgehiagoka historikoaren kontakizuna Jon Balentziagak egingo du eta alboan bi euskal taldeetako ordezkari bana izango ditu: Gorka Iraizoz eta Imanol Agirretxe.

EITBk baliabide eta bitarteko guztiak jarriko ditu finalaren mesedetan: 19 kazetari, 24 kamera, helikoptero bat, plato ikusgarria, zuzeneko saioak, elkarrizketak eta gonbidatu bereziak. Halaber, partidaren aurretik eta ondoren saio bereziak izango dira ikusgai. 

Programazio berezia telebistan

"Gaur Egun" eta "Teleberri"ko kirol tartea Sevillatik bertatik aurkeztuko dute Jon Balentziagak eta Jose Ituartek hurrenez hurren. Bertatik aurkeztuko dute albistegiaren zati bat ere Jonan Apaolazak eta Juan Carlos Etxeberriak. Bilboko estudioetatik Lierni Agirrezabala eta Estibaliz Ruiz de Azua arituko dira gidari lanetan. Halaber, Aner Murua izango da Sevillako giroaren berriemaile albistegian.

ETB1en, 20:20ean, Sara Gandarak finalaren atariko saioa gidatuko du Bilbotik, Sevillako Cartuja futbol-zelaian egongo den Jon Balentziagarekin zuzeneko konexioan. Bertan, Janire Fraguak eta Asier Arangurenek bi euskal taldeen azken orduaren berri emango dute. Sararekin platoan, Athleticeko Endika Guarrotxena eta Realeko Juanan Larrañaga jokalari ohiak egongo dira, partidaren inguruko azken ordua komentatzeko.

Saioak jarraipena izango du norgehiagoka amaitzean, gertatutako guztia aztertzeko. Bertan, lehen erreakzioak, zuzeneko konexioak, elkarrizketak, etxeko zaleen hitzak eta prentsaurrekoetan esandakoak bilduko dituzte, besteak beste.

Arratsaldean, Xabier Lapitzek "Geurea bai edo bai!" saio berezia aurkeztuko du ETB2n, 18:30ean hasi eta 21:00ak arte. Zuzeneko saio honek gonbidatu bereziak, kazetari adituak eta jokalari ohiak izango ditu, eta hainbat konexio egingo dituzte zaleen etxeetatik, teknologia berrien bitartez. Gainera, Sevillako zein Euskal Herriko kaleetako giroaren berri emango dute: Mikel Egia Bilbon izango da, Leire Torre Donostian eta Cristina Vargas Sevillan. Jose Ituarte kiroletako kazetariaren parte hartzea ere izango dute.

"Geurea bai edo bai!" izen berdinarekin, igandean, apirilak 4, Julian Iantzik sorpresaz eta emozioz beteriko saio berezia gidatuko du 22:15ean ETB2n. Final sutsua bizi ondoren, istorioak gogoratzeko, berriz ere sentimendu eta pasioak sentitzeko eta Kopa Euskadin geratu dela ospatzeko momentua izango da.

Bi euskal talde Kopa finalera heldu izana gertakari historikoa da, eta gertatutako guztia jokalari ohiekin, adituekin eta jarraitzaile ospetsu eta anonimoekin aztertuko du saioak. Gainera, bi taldeak igandean itzuliko dira Euskal Herrira eta jokalarien azken ordua gertutik jarraituko dute.

Partida Euskal Irratian eta Radio Euskadin

Finalaren egunean, apirilaren 3an, bai Euskadi Irratiko "Hiru Erregeen Mahaia" baita Radio Euskadiko "Kirolaldia" ere 16:00etan hasi eta partida bukatu arte luzatuko dira. Euskadi Irratian, partidaren emanaldia, Haritz Gallastegi, Maitane Urbieta eta Rafa Mungia kazetariek egingo dute, Angel Garitano Ondarru, Juanan Larrañaga eta Iñaki Eskisabelekin batera. Radio Euskadin Alberto Negrok eta Txema Olidenek egingo dute emanaldiaren kontakizuna, Luisfer Dadie eta Koikili Lertxundirekin.

Bi irratietako asteburuko magazinetan, "Amarauna" eta "Más Que Palabras", tarte berezia eskainiko diote larunbatean Kopako finalari Unai Urreaga eta Ander Iribar bidali berezien eskutik. Albiste emankizunetan ere eurak arituko dira berri ematen ostegunetik larunbatera bitartean.

 

Kopari eskainitako webgunea eitb.eus-en

EITB Taldeko eduki berezi guztiak ikusgai eta entzungai egongo dira eitb.eus-en: argazkiak, audioak, bideoak... Gainera, finalaren inguruko azken orduaren berri emango dute eta kopako eduki guztiak bilduko dituen webgune berezia prestatu dute: eitb.eus/kopa/

Bestalde, giroari eta partidari buruzko zuzeneko kontaketa egingo dute, eta sare sozialetan gertatuko den guztiaren berri emango dute. Halaber, sare sozialetan #KoparenBila traolarekin zabaldutako eduki guztiak ikusi ahal izango dira horretarako garatuko den modulu berezi batean.