Itxi

Baserria

Baserria

Baserria

22:00etan

"Baserria" saioaren final handia, gaur, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB Media

Amalur-Xabi eta Gari-Gontzal bikoteak arituko dira lehian 6000 euroko saria irabazteko. Zuzeneko jarraipen zabala egingo da sare sozialetan, Instagram Live eta Twitch bereziekin.

0:33
Finalistak

Igande honetan, martxoak 7, jokatuko da "Baserria" lehiaketaren lehen edizioko final handia. Klaudio Landak gidatzen duen realityak 10 baserritar eta 10 kaletar elkartu ditu baserri batean, eta, bederatzi asteko elkarbizitzaren ostean, bi bikote iritsi dira finalera: Amalur-Xabi eta Gari-Gontzal.

Azken buruz burukoan, bi bikoteek proba gogor eta luze bat egin beharko dute. Emozioz eta sufrimenduz beteriko finala izango da, eta era guztietako abere, ibilgailu eta erremintak erabili beharko dituzte, baserritar on batek eduki beharreko dohainak dituzten edo ez agerian uzteko. Bikote irabazleak 6.000 euroko saria lortuko du.

"Baserria" saioko lehen edizioaren final handia igande gauean eskainiko da ETB1en eta eitb.eus-en, 22:00etatik aurrera.

Zuzeneko jarraipen berezia, sare sozialetan

Finalaren inguruko jarraipen zabala egingo da EITBren eta "Baserria" saioaren sare sozialetan, eta eduki bereziak egongo dira bederatzigarren atala hasi aurretik eta saioa emisioan dagoen bitartean ere.

Hala, finalaren harira, Instagram Live emanaldi berezia egingo dute "Baserria" programaren Instagram kontuan (@baserria_eitb), 21:30etik aurrera, Edurne Garmendia Gazteako esatariak gidatuta. Bertan, Ibai, Amaia eta Iratxe aurtengo lehiakideak izango dira, eta finala hasi aurretiko solasaldia egingo dute.

Finala hasi aurretik eta atala bukatu bitartean, berriz, Twitch erretransmisio berezia abiatuko da, EITBtwitch kanalean, igandeko programa plataforma horren bitartez zuzenean jarraitu eta komentatzeko. Alex Padilla Gaztea irratiko sare sozialen arduradunak aurkeztuko du jarraipen berezi hori, eta bi streamer izango ditu alboan lagun: Arkkuso eta Nebukai (Ainhoa Azkue aurtengo lehiakidea, hain zuzen ere).

"Baserria" saioko finalean egingo du EITBk estreinakoz Twitch plataformaren bitartez zuzeneko edukien jarraipena eta kontakizuna, EITB Twitch kanalean.

Finalaren ostean, beste bi saio berezi: "Baserria: Azken Negutegia" eta "Baserritik Kalera"

Igande honetan jakingo dugun zein den "Baserria" saioaren lehen denboraldiko bikote irabazlea. Emanaldi horrekin, baina, ez da bukatuko aurtengo abentura, beste bi saio berezi ere izango baititu lehen edizio honek: "Baserria: Azken Negutegia" eta "Baserritik Kalera".

Batetik, martxoaren 14an (igandea), "Baserria: Azken Negutegia" debate saio berezia izango da platoan, Klaudio Landak aurkeztuta eta aurtengo lehiakide guztiekin. Negutegiaren espiritua platora eramatea da asmoa, eta lehiaketak utzi dituen kontuen analisia eta eztabaida egiteaz gain, han argituko da nortzuk diren ikus-entzuleen ustez baserritar eta kaletar onenak; izan ere, "Baserria" saioaren webgunean, lehiaketa dago martxan, kaletar onena eta baserritar onena aukeratzeko. Martxoaren 14an jakingo dugu nortzuk diren ikus-entzuleentzat lehiakiderik onenak.

Bestalde, martxoaren 17an (asteazkena), erreportaje berezi bat eskainiko da, "Baserritik kalera" izenekoa. Bertan, lehiaketako zenbait bikote elkarrekin ikusiko ditugu berriz, baserritarrak euren bikotekide kaletarra bisitatzera joango baitira hiri edo herrietara.

ETB1en eta eitb.eus-en izango dira bi saioak ikusgai.

Audientzia datu onak

Klaudio Landak gidatzen duen reality berriak harrera beroa izan du ikusleen aldetik, eta audientzia datu onak ari da lortzen lehen denboraldi honetan. Hala, finalaren aurreko zortzi saioak kontuan hartuta, batez beste, % 4,6ko audientzia-zatia eskuratu du, eta lider da euskaldunen artean % 11,9ko kuotarekin. Aste hauetan, gainera, 123.000 ikus-entzuleko batez besteko audientzia-metatua eskuratu du Euskadin eta eragin eremuan.

Saio arrakastatsua izaten ari da sare sozialetan ere, Facebooken, Twitterren eta Instagramen bereziki, eta oihartzun handia ari da izaten "BaserriaEITB" traolarekin. Halaber, 74.280 erabiltzaile sartu dira "Baserria" programako webgunean edo edukietan saioa hasi zenetik, eta 330.236 izan dira orrialde ikusiak.

Denboraldi berrirako castinga martxan

Lehen denboraldiak izan duen harrera ona ikusita, "Baserria" saioaren bigarren edizio bat egingo da. Maiatz aldera hasiko da grabatzen denboraldi berria, eta jada martxan da bertan parte hartzeko casting deialdi erraldoia. Izena emateko bi bide daude: 620249988 zenbakira WhatsApp mezu bat bidali edo proiektuak@orioprodukzioak.eus helbidera mezu bat idatzita.

Lehen egun hauetan, dagoeneko 300 lagunek eman dute izena baserritar zein kaletar modura "Baserria" saioaren bigarren denboraldian parte hartzeko.