Itxi

Baserria

Baserria

Baserria

6.000 euroko saria eraman dute

Gari eta Gontzal, "Baserria" saioaren lehen edizioaren bikote irabazlea

EITB Media

Amalurren eta Xabiren aurka aritu dira finalean, eta hasieran galtzen joan badira ere, beraiek irabazi dute 6.000 euroko txekea.

  • Gontzal eta Gari 6.000 euroko txekea jasotzen

    Gontzal eta Gari 6.000 euroko txekea jasotzen. EITBren bideo batetik ateratako irudia

Gari Lauzurika Gordoako (Asparrena) baserritarrak eta Gontzal Viaga kaletar donostiarrak osatzen duten bikotea izan da "Baserria" saioaren irabazlea. Talde gorriko kideek 6.000 euroko txekea eta baserri atariko eguzki-lore bana eraman dute sari gisa Amalur Arbelaitzen eta Xabi Orbegozoren aurka irabazitako finalean.

Finaleko proban, baserriaren historian zehar bidaiatu dute finalistek, hainbat proba eginda. Lehenik, idi parea gidatu behar izan dute, gero trontzan hiru ebaketa egin, hesolak eraman, eta abereak itxituretan sartu. Ordura arte Amalur eta Xabi talde urdineko kideak zihoazen aurretik, baina denbora asko galdu dute ardiak eta txerriak bereizi eta itxituretan sartzerako orduan, eta hor gainditu dituzte Garik eta Gontzalek.

Abereen proba bukatu ostean, belar meta bat mugitu behar izan du bikote bakoitzeko kaletarrak traktorearekin. Ederki moldatu da Gontzal, eta berak eta Garik astindu dute joarea, garaipena lortuz. Dena den, Amalurrek eta Xabik ez dute amorerik ema eta proba bukatu egin dute.

Bikote garaileak familiari eta talde gorriko kideei eskaini dio garaipena. Gontzalek azaldu duenez, Goienetxeatarrek familia bat osatu dute abenturan zehar. Amalur oso pozik dago lagunak eta Xabik emandako guztia eramango duelako etxera. Xabik, aldiz, azaldu du kaletar peto izanda iritsi zela lehiaketara, eta baserrian moldatzeko gai dela orain.