Itxi

Go!azen

Go!azen

Go!azen

21:00etan

"Go!azen 8.0" telesaila arrakastatsuaren azken atala, gaur gauean ETB1en eta eitb.eus-en

EITB Media

Fenomeno transmedia bilakatuta, telesailaren zortzigarren denboraldi honetan ere, Basakabiko gaztetxoen abenturek ikusmin handia piztu dute eta inoizko audientzia daturik onenak lortu dituzte.

0:35
'Go!azen'

Gaur gauean, "Go!azen 8.0" gaztetxoei zuzendutako fikzio arrakastatsuaren zortzigarren denboraldiko azken atala izango da ikusgai, 21:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.

Azken atalean, gauza asko daude oraindik argitzeko Basakabin. Unaxek bere burua aurkeztu zuen Gaztea Maketa Lehiaketarako, Maddi baztertuz, eta atal honetan, Amaiak txango bat prestatuko du ikasleak finala ikustera joan daitezen. Baina Maddiren lagunek ez dute Unax animatzera joan nahi izango.

Bestetik, Enara eta Zuriren arteko harremana apurtuta jarraitzen du Zurik dena gogoratu ondoren. Enarak azken aukera bat izango du haien artekoa konpontzeko, baina ez da erraza izango. Bitartean, Junek eta Ibaik bikote bizitza nolakoa den ikasten jarraituko dute, eta Lukenek azterketa bati egin beharko dio aurre, bere beldurrak gainditu eta datorren ikasturtea hobea izan dadin. Basakabiko lagunen arteko kontu guzti hauek izango dira ikusgai denboraldiko azken atalean.

Atal honetan, gainera, Xabi Solano eta Marenen "Euri artean" abestia kantatuko dute Garazik eta Lukenek; Ezpalak taldeko "Itzala" kantua abestuko dute lagunek, eta Dánae Riañok berak idatzi eta konposatutako "Barnetik" kantua entzungo dugu.

Gaur, otsailak 3, azken atal honen aurrestreinaldia eskainiko da Donibane Lohizunen, Seaska Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioaren eskutik, telesailaren aktore protagonisten partehartzearekin.

Inoizko audientzia daturik onenak

Zortzigarren denboraldi honetan ere Basakabiko gaztetxoen abenturek ikusmin handia piztu dute eta inoizko denboraldirik ikusiena bihurtu da. Batez beste, % 6,0ko audientzia-zatia eta euskaldunen arteko % 14,4ko kuota eskuratu ditu.

Halaber, 4 eta 12 urte bitarteko umeen artean liderra da, % 32,9ko audientzia-zatiarekin, eta ostiralero, 98.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortzen du, bataz beste, Euskadin eta eragin eremuan.

Udako abestia

"Go!azen" telesailaren aurtengo udako abestiaren letra Euskal Herriko hezkuntza zentroekin batera osatzeko ekimena martxan dago. 2022ko udara begira, abestiaren musika Iker Laurobak sortu du beste behin ere, baina musika horri letra falta zaio. Horretarako, Euskal Herriko eskola, ikastetxe, ikastola eta bertso-eskola guztiei deialdia zabaldu die telesailak udan kaleratu ohi duen udako-abestiaren letra ikasgeletan landu eta guztion artean osatu dezaten.

2016 urteko udan "Euskararen txantxangorria" abestia argitaratu zuen "Go!azen"ek. Ordutik aurrera, urtero arrakasta handia izaten duten abesti bana atera da uztailean, grabazioa hastearekin batera: "Kalera irten gara", "Lagunak", "Gure Nahia", "Denok zu"…

"Go!azen" fenomeno transmedia

Azken urteetan, "Go!azen" transmedia fenomenoa bilakatu da eta bere presentzia telebistako pantailaz harago doa. Goazen app-ean (iOS eta Android), esate baterako, pertsonaiek Goatsapp taldera bidaltzen dituzten mezuak irakurri eta argazkiak eta bideoak ikusteko aukera izaten da. Gainera, abestien letrak eta dantzen koreografiak ikasi daitezke, eta hainbat bideo berezirekin gozatu daiteke.

Horrez gainera, telesailaren eta bertako aktoreen berri jakin daiteke sare sozialetan: Instagramen, Facebooken, Twitterren eta Tik Token.

Etxeko txikienen artean fenomeno bat bilakatu da Basakabi udalekuko istorioak kontatzen dituen telesaila. Hori dela eta, diskoak, Jasone Osorok idatzitako liburuak, aldizkariak eta bestelako produktu ugari irten dira merkatura. Produktu horiek denak EITB Dendan eskuratu daitezke.