Joseba Arguiñano Sukalerrian
Denboraldi berria
Gaur hasiko du denboraldi berria "Joseba Arguiñano Sukalerrian" saioak
EiTB
Udazken honetan, barruko sukalde batetik arituko dira Joseba Arguiñano eta eguneko protagonistak, abentura berrien bila, errezetak prestatzen.
Uda bukatu eta energiaz beteta jarraituko du "Joseba Arguiñano Sukalerrian" saioak eguerdiro. Denboraldi berri honetan, kokaleku berri batetik arituko dira, barruko sukalde batean babestuta.
Betiko freskotasuna galdu barik, astelehenetik ostiralera gure herriko pertsonaia xelebre eta bitxiak izango ditu saioak protagonista, etxean egiteko moduko errezetak prestatzen.
Aste honetan, gonbidatu ugari izango dira saioan. Astelehenean, esate baterako, Irene Caminos trialean aritzen den txirrindularia hartuko dute; Juanjo Urruzola sagardogilea, asteartean; asteazkenean, Julen Alonso trikitilaria; Joseba Attard ardi-moztailea ostegunean, eta ostiralean, Julen Hernandez youtuberra.
Astelehenean, irailaren 21ean, Irene Caminos trialean aritzen den txirrindulari tolosarra izango dute protagonista. Bizikletan helduko da sukalde berrira, eta astea indarrez hasteko pasta prestatuko dute: haragi cappellettiak tipulin saltsarekin. Ireneren egunerokoa ezagutzeko asmoz, entrenamendu baten lekuko izango da saioa Tolosako skate-parkean. Gainera, Nafarroan ere izango da, Eraulen, La Panpinella pizzeria artisauan egiten dituzten pizza goxoak dastatzen.
"Joseba Arguiñano Sukalerrian" astelehenetik ostiralera izango da ikusgai, 13:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.