Txoriene
Gastronomia ETB1en
Pello Bilbao txirrindularia eta Martxelo Rubio aktorea, 'Txoriene'n
A.A. | EiTB
Pello Bilbao txirrindularia, Silvana Huegun dietista, Martxelo Rubio aktorea, Nagore Horna yoga irakaslea eta Hondarribiko Batzokiko sukaldaria izango ditu gonbidatu aste honetan Zigor Iturrietak.
-
Zigor Iturrieta
Aste honetako 'Txoriene' saioa errezeta berriz beteta dator; besteak beste, txirrindularitza eta antzerkia izango ditu protagonista.
Astelehenean, kirolarien egunean, Pello Bilbao Caja Rural-Seguros RGA taldeko txirrindulari gernikarra izan zuen gonbidatu Zigor Iturrietak. Euskal Herriko Itzulian aritu zen Bilbao, eta txirrindularitzaz mintzatu zen ETB1eko gastronomia saioan. Bien bitartean, honako plater hauek prestatu zituzten: basmati arroza fruitu lehorrekin azafrai erara eta txoko erregosia garagardotan.
Asteartean, adituen egunean, Silvana Huegun dietistaren txanda izan zen. Aste honetan, haurdunaldia eta gibela hizpide hartuta, ikusentzuleek egindako hainbat zalantza argitzeaz gain, plater hauek prestatzen erakutsi zigun: askotariko entsalada haziekin eta arroz integral budina amarantoarekin eta txia haziekin.
Asteak aurrera egin eta asteazkenean ere bisita berezia izan zuen Iturrietak, izan ere, Martxelo Rubio aktore ezaguna izango du lagun 'Txoriene'ko sukaldean. Antzerki munduaz, lehen egindako lanez, eskuartean dituen proiektu berriz eta beste hainbat kontuz aritu zien biak, paella Valentziako erara prestatu bitartean.
Ostegunera begira, asteari neurria hartuta, Nagore Horna yoga irakasleari ireki dizkio ateak 'Txoriene' saioak. Yoga egitearen onurak ezagutzeaz gain, honako plater hauek egiten ere ikasi dugu: erremolatxa patea, alberjinia erreak tofu beteak eta sagarrez betetako mazapana.
Astea ondo bukatzeko, ostiralean, Hondarribiko Batzoki jatetxeko sukaldari Iñaki Gezala izango da protagonista. Hondarribiko Hirigune Zaharreko sarreran kokatuta, baserri itxurako jatetxea da, eta betiko janariak prestatzen dituzte, osagai freskoak oinarritzat hartuta. Iturrietak eta Gezalak honako plater hauek prestatuko dituzte: berdel entsalada epela eta arkume lepo errea, ardo saltsarekin eta patata purearekin.
Astelehenetik ostiralera, 15:00etan izaten da ikusgai 'Txoriene' ETB1en eta eitb.eus-en.