Bitxikeriak -

'Back to the Future'

2015eko urriaren 21: Marty McFly iraganetik helduko den eguna

"Back to the Future" pelikulako protagonista asteazken honetan iritsiko da geurera. Hori ospatzeko, hiru filmak hainbat zinematan emango dituzte berriro.

Marty McFly, 'Back to the Future II' pelikulan. Argazkia: Universal Studios
Marty McFly, 'Back to the Future II' pelikulan. Argazkia: Universal Studios
2015eko urriaren 21: Marty McFly iraganetik helduko den eguna

2:38

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Heldu da Back to the Future filmen milaka (ehunka mila? milioika?) zalek espero zuten eguna: 2015eko urriaren 21ean, Marty McFly iraganetik helduko da, Delorean mitikoan.

Efemeride xelebre hutsa dirudien arren, mundu osoan hainbat ekitaldi antolatu dituzte, hainbat enpresak pelikulekin lotutako produktuak merkaturatu dituzte, eta trilogia osoa hainbat zinematan ikusgai izango da berriz.

EAEren kasuan, Barakaldoko Max Ocio eta Usurbilgo (Gipuzkoa) Urbil zinema-aretoetan ikusi ahalko dira hiru filmak.

Hain zuzen ere, Back to the Future I 18:00etan eskainiko dute; Back to the Future II, 20:20an; eta Back to the Future III, 22:30ean.

Errealitate bihurtuko diren produktu futuristak

Pelikuletan agertzen diren hainbat konpainiak bat egin dute ospakizunekin, eta trilogia horretarako asmatutako produktu "futuristak" egi bihurtu dituzte.

Adibidez, Pepsik (Back to the Future II filmaren babes nagusietako bat) Pepsi Perfect izeneko botila merkaturatuko du asteazken honetan, pelikulan agertzen zena bezalakoa. 6.500 botila jarriko dituzte salgai.

Marty McFly Pepsi

Pepsi Perfect botila bat, 'Back to the Future II' filman. Argazkia: Universal Studios

Universal ekoiztetxeak umore onez ospatuko du efemeridea: Back to the Future II pelikulan, Marrazoa 19 (Jaws 19) filma agertzen zen, eta orain lan faltsu horren trailerra sortu dute.

Gainera, Nike konpainiak iragarri du lotura automatikoa duten zapatak aurten merkaturatuko dituela. Hori bai, ez du baieztatu asteazken honetarako prest eta dendetan egongo ote diren.

Zer iragarpen bihurtu dira egi? Zeintzuetan egin dute kale? Back to the Future II duela 26 urte estreinatu bazuten ere, etorkizunerako hainbat iragarpen egi bihurtu dira urteek aurrera egin ahala, hala nola bideokonferentziak, biometria (hatz-markak edo begia eskaneatzea segurtasun neurri gisa), betaurreko adimendunak (Google Glass delakoek oraindik ere arrakasta izan ez duten arren) eta telebista meheak.

Aitzitik, duela hiru hamarkada aurreikusitako hainbat produktuk oraindik ere amets izaten jarraitzen dute 2015ean. Hona adibide batzuk: auto eta patinete hegalariak, automatikoki lotzen diren zapatak eta, zorionez, gorbata bikoitza.

Regreso al futuro Back to the future Marty McFly

Marty McFlyren gorbata bikoitza. Argazkia: Universal Studios

Trilogia klasiko bat

Back to the Future filma 80ko hamarkadako ikurretako bat bihurtu da, 1985eko uztailaren 3an estreinatu zutenetik.

Bigarren filma, Back to the Future II, handik lau urtera iritsi zen, 1989an; eta hirugarrena, Back to the Future III, 1990ean.

Orotara, hiru pelikulek bost hautagaitza jaso zituzten Oscar sarietan, eta bat irabaztea lortu zuten: soinu editatze onenarena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albiste arraroak Zinema Azken kultur albisteak