Krisi Ekonomikoa -

EAE-ko Funtzionarioak

Jaurlaritzak 'ahal denean' emango du 2012ko abenduko ordainsaria

Ordainsaria ez emateagatik aurreztutako dirua defizita murrizteko bideratuko dutela azaldu du lehendakariak.

Iñigo Urkullu lehendakaria. EFE
Iñigo Urkullu lehendakaria. EFE
Iñigo Urkullu lehendakaria. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak abenduan funtzionarioei kendutako ordainsaria "ahal denean" emateko konpromisoa hartu du, eta aurreztutako dirua "defizita murrizteko" bideratuko dutela azaldu du.

Lehendakariak Onda Vasca irrati katean egindako elkarrizketa batean zehaztu duenez, 2013ko udako ordainsaria urtarrilean emateko agindua emana dago jada.

Horren esanetan, hainbat funtzionariok jaso egin dute dagoeneko, eta norbaitek atzerapenik badu, finantza erakundeen "izapideen ondorio" dela esan du. "Ordaintzeko agindua emana dago, funtzionario guztientzat", nabarmendu du.

Urkulluk azaldu duenez, Gabonetako ordainsaria ez emateagatik aurreztutako dirua "defizita murrizteko" erabiliko dute, "zerbitzu sozialei eutsi ahal izateko".

Horrenbestez, zorra murrizten joango dela aurreratu du lehendakariak, baina horren helburuak "zerbitzu sozialak eta abenduko ordainsaria itzultzea" izan behar direla gaineratu du.

"Nazioa Europan"

Lehendakariak nabarmendu duenez, "ilusioa" dauka Euskadi "Europan nazio" izateko "ibilbidea" egiteko, eta autogobernuaren arloan ez duela "adabakirik" onartuko ohartarazi du,

Hori horrela, PPri eta PSOEri Gorte Orokorretan "euskal lurraldeen foruak eta eskubide historioak" babesteko deia egin die.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuarekin egingo duen bileraren harira, "autogobernuan aurrera egitea" eta "estatus berria zehaztea" eskatuko diola esan du.

"Badakit erronka zaila dela, baina ilusia daukat. Alderdi politikoen arteko akordio baten bitartez lortzea espero dut", erantsi du.

Kritikak ezker abertzaleari

Urkulluk espetxe politika aldatzearen alde egin du, eta hilaren 12an Bilbon manifestazioa egingo dutenek "beste eskubide batzuk defendatzeko ere ahotsa goratu izan balute", euskal gizartea haiekin "eskuzabalagoa" izango litzatekeela agertu du.

Lehendakariak berretsi egin du ez dela manifestaziora joango, "lan zuhurra eta isila" probetxuzkoagoa dela iritzita.

Anoetako istiluak eta Cabacas auzia

Abenduaren 29an Anoetan Euskal Selekzioaren eta Boliviaren arteko partidan jazotako istiluei dagokienez, Urkulluk zoriondu egin du Ertzaintza, "gauza larriagoak gertatzea galarazi" egin zuelako.

Iñigo Cabacas auziaren harira, Arartekoak aurreko Jaurlarutzari egotzitako "kolaborazio falta" konponduko duela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea