Krisi Ekonomikoa -

Langabezia

Ez da enplegua sortuko urte amaierara edo 2014 arte, Gobernuaren ustez

Gobernuak dio jarduera ekonomikoaren geldialdiak eragin duela langabezia areagotzea. 6 milioi langabeen maila 2013an gaindituko da, adituen arabera.

Langabeak. Argazkia: Efe
Langabeak.
Espainian ez da enplegua sortuko 2013ko amaiera edo 2014ko hasiera arte

2:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fernando Jimenez Latorre Espainiako Ekonomia idazkariak adierazi duenez, Espainian ez da enplegua sortuko 2013ko amaiera edo 2014 hasiera arte.

Jimenez Latorrek prentsaurrekoa eman du 2012ko azken hiruhilekoko langabezia datuen azterketa egiteko, eta baieztatu egin du batez beste lau langiletik bat dagoela langabezian.

Estatu idazkariak azaldu duenez, datuek Espainiako Gobernuaren aurreikuspenak berresten dituzte. Horren harira, aurtengo lehenengo sei hilabeteetan joera berdina izango dela eta gero egonkortzen hasiko dela aurreratu du.

Espainiako Gobernuak dio jarduera ekonomikoaren geldialdiak eragin duela langabezia areagotzea, gainera jarduera ekonomikoaren beherakadan eragina izan omen dute "doikuntza neurrien kontzentrazioak", funtzionarioei Gabonetako aparteko soldata kentzeak eta BEZaren igoerak, besteak beste.

Era berean, 2012an aurreko urtean baino 158.700 pertsona aktibo gutxiago egoteak ez omen du esan nahi langileek Espainiatik alde egin dutela, atzerritar gutxiago dagoelako omen baita.

Gobernuak konfiantza du lan-erreforman

Rafael Merino PPk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileondokoak azaldu duenez, lan-erreforma hasi da ''emaitzak ematen'', oraindik lanposturik sortzen ez badu ere, ''enpleguaren suntsiketa geldiarazten'' ari baita.

Jose Manuel Soria Industria, Energia eta Turismo ministroak ere onartu du lan-erreformak ez duela oraindik lanposturik sortu. Hala ere, berretsi du Gobernua ''ziur'' dela azkenean erreformak ''eragina izango'' duela.

''Oraindik ez dugu behea jo''

2012ko enplegu datuak ''samingarriak'' dira, baina ''oraindik ez dugu behea jo'', adituen esanetan. Izan ere, 6 milioi langabeen maila 2013an gainditu liteke,  enplegu publikoa bereziki suntsituko baita.

Hasi berri dugun urtean, ''laino itxia dugu Espainian eta Europan, eta horrek ez digu atzeraldiaren zorua ikusten uzten''; beraz, lehen hiruhilekoan langabezia datuak 2012koak bezain txarrak edo txarragoak izango dira, Jose Carlos Diez Intermoney enpresako ekonomialari buruaren ustez.

Sara de la Rica UPV-EHUko katedradun eta Fedeako ikerlariaren ustez, litekeena da epe laburrean berri onik eman ezin izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea