Ekonomia -

Elektrizitate fakturak

Facua: 'Elektrizitate konpainien beherapenek faktura garestitzen dute'

Elektrizitate konpainien ''ustezko beherapenek'' % 11 garestitzen dute faktura, Facuaren arabera, TUR tarifa ez kentzea aholkatzen dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elektrizitate konpainiek eskaintzen dituzten ''ustezko beherapenek'' faktura % 11 garestitzen dute, Facua-Consumidores en Accion elkartearen arabera. Halaber, sektoreak kaleratutako publizitatea ''iruzurtia'' dela eta konpainia horietako zenbait komertzialen jarduna ''iruzurrezkoa'' dela salatu dute.

''Elektrizitate konpainien gezurrak'' izeneko txostenean azaldu dutenez, eskainitako beherapen horiekin zerbitzu osagarriak kontratatu beharra dago, eta horiek garestitzen dute faktura.

Halaber, 'Tarifa de Ultimo Recurso (TUR)' izeneko tarifa albo batera uztea ''ez da erabaki gomendagarria'' kasurik onenean, eta '' burugabekeri hutsa'' hiru konpainia nagusiek (Gas Natural Fenosa, Endesa eta Iberdrola) eskanitako tarifa garestiagoak kontratatzen badira.

Bestalde, kontratu horiek erabiltzaileen eskubideak murrizten dituztela ohartarazi dute, eta konpainiei ezarritako betebeharrak bertan behera uzten dituzte. Horren harira, betebeharrak TUR tarifari dagokion araudian bakarrik biltzen direla salatu du Facuak, eta Gobernuari legedia aldatzea eskatu dio.

Hiru konpainia handien eskaintzak aztertuta, ondorio hauek atera ditu Facuak: 

Gas Natural Fenosa enpresak eskaintzen duen % 15eko deskontua eskaintzen duen formula kontratatuz gero, faktura % 3,6 garestitzen da, 2,91 euro, alegia. Bestalde, % 20ko deskontua onartuta, argiaren prezioa % 8,5 garestitzen da, 6,5 euro, hain zuzen ere. Aipaturiko portzentajeek nabarmen egiten dute gora gainera, lehen urtean igarotakoan.

Endesa enpresak ere iruzurra egiten duela iritzi dio Facuak; izan ere, erabiltzaileak kontratua egin eta urtebetera, desagertu egiten da potentziaren gaineko deskontua, eta laguntza teknikoko zerbitzuaren prezioa bikoiztu egiten da. Beraz, fakturaren prezioa % 4,7 igotzen da, 3,99 euro alegia.

Iberdrolak % 10eko deskontua eskaintzen die bezeroei potentziari dagokion tarifan, baina oinarrizko prezioa Gobernuak ezarritakoa baino "askoz ere garestiagoa da", kontsumitutako energiaren gaineko tarifa Azken Aukerako Tarifa baino garestiagoa da. Hori guztia kontuan hartuta, fakturaren zenbatekoa % 6,8 igo daiteke, 5,5 euro inguru.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea