Ekonomia -

Muskiz

Petronorren koke planta berria, datutan

Euskadin industria arloan inoiz egindako inbertsio handienaren helburua fuel-olioa eraldatzea izango da. Azpiegiturak 800 milioi euroko baino gehiagoko inbertsioa ekarri du.

Petronorren Muskizeko koke planta berria. Argazkia: Petronor
Petronorren Muskizeko koke planta berria. Argazkia: Petronor
Petronorren Muskizeko koke planta berria. Argazkia: Petronor

A. A.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Petronorren koke planta berria Euskadin industria arloan inoiz egindako inbertsio handiena da. Europako Inbertsio Bankuak eta Industria, Energia eta Turismo Ministerioak finantzatu dute azpiegitura.

Planta berriak 800 milioi euroko baino gehiagoko inbertsioa ekarri du. Azpiegiturari esker, fuel-olioa eraldatuko dute, gasolio gehiago ekoitzi ahal izateko, produktu horren eskaria askoz handiagoa baita.

Eraikitze lanak duela hiru urte hasi zituzten (proiektua garatzen, berriz, duela 8 hasi ziren) eta, hiru urte horietan, zortzi milioi lanordu erabili dituzte; hau da, hilean 1.500 lanpostu sortu dituzte.

Zertarako balio du?

Koke plantak petrolioaren osagairik astunenak eraldatzen ditu, eskari handiagoko produktua arinagoak bihurtzeko.

Horrez gain, findegiak behar dituen lurruna eta elektrizitatea sortzeko kogenerazio unitatea ere izango du plantak. Horrela, 45 MW sortuko ditu, eta, behar duen kontsumoa asetzeaz gain, inguruko sarera 15 MW bideratuko ditu.

Koke plantaren unitate nagusiak produktu astunak propano, butano, gasolina edo gasolio bilakatzen ditu, berotuz. Horrez gain, kokea, harrikatza distilatuz egindako erregaia, lortzen da. Kokea beltz koloreko produktu solidoa da, konposizioan eta itxuran, ikatzaren antza duena.

Gainera, unitate nagusi horretan sortutako produktuak eraldatzeko eta kutsatzaileak ezabatzeko planta berriak ere eraiki dituzte. Eraldatze prozesu horietan sufrea berreskuratzen dute_ eta ongarri bezala erabiltzeko produktu komertziala bilakatzen dute.

Unitate nagusiak 250 tona produktu astun prozesatu ditzake orduan. Ahalmen horri esker, Petronorrek orain artekoaren laurdenera murriztuko du fuel-olio ekoizpena.

Prozesu horretarako hiru tximinia eraiki dituzte: bi, bi labe berrietarako, eta bestea berotegi-efektuko gas emisioak murrizteko.

Tximinia berri horietan, erakundeek unean uneko datu errealak jasotzeko eta Petronorrek legedia betetzen duela bermatzeko analizagailu batzuk jarri dituzte.

Repsol taldeak antzeko hiru planta ditu, Estatuan: Coruñakoa (Galizia) eta Puertollanokoa (Gaztela-Mantxa), 20 urte baino gehiago dituztenak, eta Cartagenakoa (Murtzia). Azken hori duela gutxi ireki dute.

Euskadiko enpresarik esanguratsuenetakoa

Petronor da EAEko aldundien diru-kutxan ekarpen handiena egiten duen konpainia (750 milioi euro ematen dizkio urtean Bizkaiko Aldundiari). Gainera, 900 langile ditu, eta beste 6.000 enpresa laguntzaileetan. Repsolek enpresa horren akzioen % 85 ditu; gainerako % 15ak Kutxabanken esku daude.

Koke plantari esker, 100 lanpostu zuzen eta 250 zeharkako gehiago sortuko dituzte.

Sinadurak, instalazioaren aurka

Meatzaldea Bizirik elkarte ekologistak 1.000 sinadura baino gehiago jaso ditu Petronorren koke plantaren aurka.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea