Ekonomia -

Akziodunen batzarra

Gamesa: 'Bidea zaila izango da, baina etorkizun oparoa izango dugu'

Enpresak akziodunen batzarra egin du gaur Zamudion, eta 2012ko emaitzen berri eman die akziodunei. 2012an 659 milioi euroko galerak izan zituen.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ignacio Martin Gamesako presidentearen esanetan, enpresak garaiz erreakzionatu du eta etorkizun "oparoa" izango du, bidea "zaila" izango bada ere.

Gamesako akziodunen batzarra egin dute gaur Zamudion eta, Ignacio Martin presidenteak 2012ko emaitzen berri eman die akziodunei. 659 milioi euroko galerarekin itxi zuen urtea Gamesak, 2013-2015 negozio planera egokitzeko egindako aldaketen ondorioz.

Azpimarratu duenez, 2012a urte zaila izan da eta krisi ekonomikoak Gamesa eta sektoreko beste enpresak ataka zailean jarri ditu. Urrian aurkeztu zuen negozio plana Gamesaren errentagarritasuna bermatzeko. Bi helburu nagusi lortu nahi dituzte: kostu finkoa 100 milioi eurotan murriztea eta kostu aldakorrak moldatzea.

Martinen iritziz, negozio plana martxan jartzeak eragina izan du 2012ko emaitzetan.

Krisitik indartuta irtetea da Gamesaren helburua

Krisitik indartuta irtetea eta lidergo posizioa indartzea dira Gamesaren bi helburu nagusiak. Gamesak hainbat langile kaleratu ditu berriki, eta ez du baztertzen etorkizunean kaleratze gehiago egotea. Lanpostu bakoitzaren galera bakoitza porrota da, baina beharrezkoa da gainerako enpleguak eta enpresaren etorkizuna bermatzeko.

"Gamesak garaiz erreakzionatu du, eta espero bezala egiten ari gara aurrera", esan du Ignacio Martinek. Negozio plana aurkeztu zutenetik Gamesako akzioen balioak gora egin du, eta "bide onetik goazenaren seinale da hori".

Epe motzean ez du uste ekonomia hazten hasiko denik, baina Gamesaren etorkizuna oparoa izango dela iragarri du. Halaber, laguntza eskatu du bidea "zaila" izango delako eta tartean "oztopoak egongo direlako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea