Ekonomia -

Lan-gatazka

eitb.com-eko langileek greba mugagabea hasiko dute

eitb.com edukiz hornitzen duten M4Fko langileek zuzendaritzaren jarrera "immobilista" salatu dute. 27 kaleratze aurreikusten dituen enplegu-erregulazioko espedientea aurkeztu du enpresak.

eitb.com-eko langileen elkarretaratzea EITBren egoitza aurrean.
eitb.com-eko langileen elkarretaratzea EITBren egoitza aurrean.
eitb.com-eko langileen elkarretaratzea EITBren egoitza aurrean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

M4F enpresako langile batzordeak greba mugagabea deitu du datorren ekainaren 23an hasita, 27 kaleratze aurreikusten dituen enplegu-erregulazioko espedientearen aurrean zuzendaritzak "inolako alternatibarik" eskaintzen ez duela ikusita.

M4Fko langileek eitb.com webgunea edukiz hornitzen dute. Aldi berean, Jaurlaritzarentzat eta Bilboko Alhondigarentzat ere lan egiten dute.

Greba mugagaberako deialdia aho batez onartu dute M4Fko beharginek.

EITBren zuzendaritza nagusiak eitb.com-en aurrekontuetan egindako murrizketaren ondorioz, M4Fren zuzendaritzak enplegu-erregulaziorako txostena aurkeztu zuen joan den ekainaren 12an.

Plan horrek 31 langilerengan (%41) izango du eragina: 27 pertsona kaleratuko dituzte eta beste lauri lanaldia erdira murriztuko diote. Horrez gain, enpresan gelditzen diren langileei soldata %25ean jaitsiko diete.

Sindikatuek gogor kritikatu dute Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak joan den astelehenean Legebiltzarrean egin zituen adierazpenak, M4Fk aurkeztu duen enplegu-erregulaziorako espedientearekin "inolako zerikusirik" ez duela esan zuelako.

Enpresa batzordeak gogora ekarri du M4F Juan Diego Casals EITBko gerente ohiak sortu zuela 2008an, eitb.com-i zerbitzuak eskaintzeko.

Ildo berean, "EITBNET SAk %10eko partaidetza du M4Fn, eta Expressive SLk beste %15ekoa. Era berean, EITB Expressive SL enpresaren zati baten jabe da", azaldu dute.

"Bitxia da Maite Iturbek EITBn 'XXI. mendeko eredu bat' sortu nahi duela behin eta berriro esatea eta jarraian 600.000 eurotan murriztea eitb.com-entzako aurrekontua. Agian mendez erratu da", azpimarratu dute agiri batean.

Langileek argi utzi nahi izan dute ez dutela inolako erantzukizunik EITBren murrizketetan eta M4Fren "kudeaketa txarrean".

EITBren azalpenak

Erakunde publikoko zuzendaritzak joan den astean azaldu zuenez, 2013ko aurrekontuaren murrizketak (20 milioi) apirilean eta maiatzean gastuak berriro aztertzera behartu du urte bukaeran oreka lortzeko.

EITBko zuzendaritzaren ahotan, M4F enpresak azken hiru ekitaldiak galerekin itxi ditu eta lan-erregulazioko txostena aurkeztu behar izan du. Enpresak onartutako bideragarritasun planean urte bakoitzeko 1.400.000 euroko fakturazioa jasotzen du EITBren eskutik. Enpresaren bideragarritasun eza saihesteko lan-erregulazioko txostena martxan jartzea beharrezkoa zela onartu dute, eta baita soldatak jaistea ere.

EITBko zuzendaritzak erantzukizuna eskatu du, gastu eta diru-sarreren arteko oreka bilatzeko neurriak hartzea beharrezkoa delako krisia gainditzeko eta arazo larriagoak ez sortzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea