Ekonomia -

Kontzertuari buruzko mintegia

Tejeria: 'Egungo legediaren aurretik daukagun eskubidea da Kontzertua'

Legebiltzarreko presidenteak 'Kontzertu Ekonomikoa: atzo, gaur eta bihar' mintegia inauguratzeko ekitaldian esan duenezetan, Kontzertua da euskal autogobernuaren "bizkarrezurra".

Bakartxo Tejeria, artxibozko irudi batean. EiTB
Bakartxo Tejeria
Bakartxo Tejeria, artxibozko irudi batean. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barkatxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentearen esanetan, Kontzertu Ekonomikoa "euskal gizartearen eskubidea da, egun indarrean dagoen legediaren aurrekoa, eta, beraz, honetaz harago doa".

'Kontzertu Ekonomikoa: atzo, gaur eta bihar' izeneko mintegia abiatzeko ekitaldian izan da Tejeria, eta bertan egin ditu adierazpenok. Aste osoan mintzagai izango dute Eusko Legebiltzarrean EAEren eta Espainiako Estatuaren artean dauden harreman fiskal eta finantzarioak arautzen dituen sistema hau.

Hasierako ekitaldian, Kontzertu Ekonomikoa sutsu defendatu du Tejeriak. Horren arabera, "autogobernu ekonomiko eta subiranotasun ekonomiko barik ez dago benetako autogobernu politikorik, ezta subiranotasun politikorik ere".

Legebiltzarreko presidentearen hitzetan, Kontzertua euskal autogobernu sistemaren "bizkarrezurra" da, eta, foruei erreferentzia eginez, euskal gizartearen "eskubide historikoetatik eratorritakoa" dela gogorarazi du.

"Menpekotasuna barik, akordioan oinarritutako harremana du ardatz Kontzertuak", esan du Tejeriak.

'Guk biltzen dugu dirua, guk erabakitzen du"

"Euskal herritarrok finantzatzen ditugu gure zerbitzu eta inbertsioak, guk biltzen dugu dirua eta guk erabakitzen dugu zerga-bilketako dirua non inbertitu", nabarmendu du.

Tejeriaren berbetan, autogobernuak "ongizatea" dakar, eta "gero eta subiranotasun gehiago izanda, ongizatea ere handiagoa da".

Azkenik, Legebiltzarreko presidenteak argudiatu duenez, Kontzertuak Europan sartzen du EAE, eta estatu ez izan arren, "Europako parte dira euskal ogasunak, Espainiakoa bezala".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Kontzertu Ekonomikoa