Ekonomia -

2013ko interesak

Eroskik 22,4 milioi ordainduko ditu bihar, menpekoen interesengatik

Menpeko Ekarpen Finantzarioen inguruan publizitate iruzurgilea egitea egotzi zioten kooperatibari, baina epaileak libre utzi zuen.

Menpeko ekarpenekin, 2002 eta 2008 urteen artean, kooperatibaren fakturazioa bikoiztu egin zen. EiTB
Menpeko ekarpenekin, 2002 eta 2008 urteen artean, kooperatibaren fakturazioa bikoiztu egin zen.
Menpeko ekarpenekin, 2002 eta 2008 urteen artean, kooperatibaren fakturazioa bikoiztu egin zen. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eroski kooperatibak bihar ordainduko ditu menpeko ekarpenen 2013ko interesei dagozkien 22,4 milioi euro. Menpeko Ekarpen Finantzarioen inbertsoreei abonatuko die dirua.

Ordainketa, 2003an hasita urtero bezala, urtarrilaren 31an egingo da. Gainera, duela lau egun, Bilboko 1 zenbakidun Merkataritza Epaitegiak erabaki zuen Eroskik ez zuela Menpeko Ekarpen Finantzarioen inguruan publizitate iruzurgilerik egin, eta BBVA entitatea zigortu zuen ekarpen horien dirua itzultzera.

2002an egin zituen Eroskik lehen jaulkipenak, eta, harrezkero, interesengatik 292,4 milioi euro ordaindu ditu.

Kooperatibaren hitzetan, "lehenengo jaulkipeneko inbertsore batek inbertsioaren % 63 interesetan jasoko zuen, 2004ko inbertitzaileek % 51 eta 2007koek, aldiz, % 31".

Urte horietan guztietan, Menpeko Ekarpen Finantzarioen ordainsaria beti % 3tik gorakoa izan da.

Ekarpenak taldearen zabalkuntza planean aurrera egiteko asmoz sortu ziren. Horrela, 2002 eta 2008 urteen artean, kooperatibaren fakturazioa bikoiztu egin zen.

Pasatu den urtarrilaren 16an, Eroski intentzio akordio batera iritsi zen zenbait finantza entitaterekin. Horren arabera, inbertitzaileei alternatibak eskaini nahi zizkieten, eta behin-betiko zorreko tituluak behin-behineko tituluen ordez aldatzeko aukera eman. Izan ere, kooperatibaren arabera, azken horiek asko egin dute gora.

"Akordioak alternatiba unibertsal bat proposatzen die menpeko ekarpenak dituzten guztiei. Ez die Eroskik ordaindutako interesak itzultzeko eskatzen behin-betiko Menpeko Ekarpen Finantzarioen truke, behin-betiko izaera horregatik ordainsari estra batekin", gogorarazi du kooperatibak.

Aste honetako epaiak ekarpenen erosketa kontratuak bertan behera utzi zituen, eta inbertitzaileei inbertitutako dirua itzultzeko eskatu zion bankuari. Gainera, kontratatu zituztenetik izandako interesak ere itzultzera behartu zituen.

Epai horrekin, "argi gelditu da Eroskik, jaulkitzaile paperean, dokumentazio lan osoa eta egokia burutu zuela, inbertitzailea erosketa prozesuan ongi informatuta egon zedin", azaldu du kooperatibak, eta komertzializazio prozesuan ez zuela sekula parte hartu gehitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eroskiren albisteak