Ekonomia -

Zentral nuklearra

'Garoña berriro irekitzeko legedia aldatzea' leporatu dio EAJk PPri

Bestalde, EH Bilduk "Endesarekin eta Iberdrolaren duen harremana haustea" eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, Garoñako central nuklearra "berriro irekitzen bada".

Garoñako zentral nuklearra. EiTB
Garoña
Garoñako zentral nuklearra. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ramiro Gonzalez Arabako Batzar Nagusietako EAJko bozeramaileak "Garoña berriro irekitzea ahalbidetzeko legedia aldatzea" leporatu dio PPri astelehen honetan, zentral "zaharkitua" den arren.

Gonzalezek adierazpen horiek egin ditu, Endesak eta Iberdrolak Burgosko zentralerako baimena eskatuko dutela jakin ostean. Zentral nuklearra 2012ko abendutik geldi dago.

Batzarkide nazionalistaren ustez, Garoña itxita egon den denboran "negoziazio isil bat mantendu da" konpainia elektrikoen eta Espainiako Gobernuaren (PP) artean, zerga mota bat kentzeko.

Ohar batean, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiari "behingoz Arabako interesak babestea eta Garoña berriro irekitzearen aurka azaltzea" eskatu dio. "Rajoyren eta PPren interesen aurrean ez makurtzea, Forondaren kasuan egin bezala", gaineratu du.

Endesarekin eta Iberdrolarekin haustea eskatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari, Garoña berriro irekiz gero

Bestalde, Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzari "Endesarekin eta Iberdrolarekin duen harremana haustea" eskatu dio, Garoñako zentral nuklearra "berriro irekiz gero".

Maeztuk salatu du bi konpainiek "mespetxuz" erantzun dietela euskal herritarrei, bereziki arabarrei, eta, bertako erakundeei, zentrala ireki nahi dutelako

EH Bilduko legebiltzarkideak Garoña berriro irekitzeak dakarren "arrisku larriaren" berri eman du, eta arrazoirik gabeko neurria dela adierazi du, "eskaintza energetikoa eskaera baino askoz ere handiagoa delako".

Gobernua eta elektrikak "eskutik helduta" doazela salatu du PSOEk

Julio Villarrubia Gaztela eta Leongo PSOEko idazkari nagusiak azaldu duenez, Espainiako Gobernua, elektrikak eta Nuclenor enpresa "eskutik helduta" doaz Garoñako zentral nuklearra irekitzeko, Endesak baimena eskatuko duen erabakia jakin ostean.

Villarrubiak Espainiako Gobernuari Reindus Plana betetzea eskatu dio, eta konprometitutako 100 milioi euroak Garoñako zentral nuklearrean inbertitzea.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea