Ekonomia -

2014ko urtarriletik uztailera

Turista atzerritarrek 2013an baino % 13 gehiago gastatzen dute EAEn

Nafarroan, urtarriletik uztailera arteko hilabeteetan, turistek 2013an baino % 33 gehiago gastatu dute aurten. Bisitari atzerritarrek 600 milioi euro baino gehiago gastatu dituzte.

Argazkia. EiTB.
Argazkia. EiTB.
Argazkia. EiTB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzerritik EAEra heldutako turistek egindako gastu osoa ia 500 milioi eurokoa izan da urtarriletik uztailera arteko epean, 2013ko epe horretan bertan baino % 13 handiagoa. Nafarroan, nazioarteko turistek 115 milioi euro gastatu dituzte, iaz baino % 33 gehiago. Egatur turismo-gastuaren inkestaren datuak dira, asteazken honetan zabaldu ditu Industria, Energia eta Turismo Ministerioak.

Turista bakoitzak, inkesta horren arabera, 123 euro gastatzen ditu egunero EAEn, eta 117 Foru Erkidegoan.

Bisitariak egun gutxiagoz geratzen dira EAEn eta Nafarroan, inkestaren arabera, vaina turisten kopuruak nabarmen egin du gora; horren ondorioz izan da gorakada gastuan.

Estatu mailan, marka

Nazioarteko turistek gastuko marka hautsi dute Estatuan. Atzerritik heldutako turistek 34.497 milioi euro gastatu dituzte 2014ko lehen zazpi hilabeteetan, iaz baino % 7 gehiago. Bidaiarien kopuruaren gorakadak ekarri du marka berri hori; izan ere, turista bakoitzaren batez besteko gastuan eta bakoitzak egunero gastatutako kopuruan ia ez dago aldaketarik.

Horrela, nazioarteko turistek egindako gastua Estaturako heldueren kopurua beste hazi da, % 7. 36,3 milioi bisitari heldu dira Estatura urteko lehen zazpi hilabeteetan. Uztaileko datua, halaber, hilabete horrek inoiz eman duen daturik onena da.

Lau merkatu igorle nagusietan, gorakada

Lau merkatu igorle nagusietan –Erresuma Batua, Alemania, Herrialde Nordikoak eta Frantzia-, gorakada izan da, urtarriletik uztailera arteko gastuan. Dena den, Herrialde Nordikoei eta Frantziari dagokienez, beherakada jaso dute azken urteko datuak kontuan izanik (% 1,9koa eta % 6koa).

Katalunian egin dituzte atzerriko turistek gasturik handiena, 8.151 milioi euro (% 5,3ko gorakada) eta Kanarietan ere nabarmen egin du gora, % 13,1 (7.056 milioi euro).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia