Ekonomia -

Akordioa

Arcelorrek ez du Zumarragan duen lantegia itxiko

Zuzendaritzak enpresarako lan-karga gehiago lortzeko konpromisoa hartu du eta sindikatuek malgutasuna onartu dute, produkzioa handitzeko.

Arcelorrek Zumarragan duen fabrika. EiTB
Arcelor Zumarraga
Arcelorrek Zumarragan duen lantegia ez dute itxiko

1:20

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arcelor Mittaleko zuzendaritza eta sindikatuak akordio batera iritsi dira ostegun honetan, Arcelorrek Zumarragan duen lantegia aldi baterako ixtea ekiditeko.

Bilera egin dute gaur zuzendaritzak eta langile-batzordeak. 11:00etan hasi dute, eta 15:30ak aldera amaitu.

Itxieraren erabakia bertan behera utziko lukeen bideragarritasun plana aztertu dute, eta hiru sindikatu (ELA, CCOO eta UGT) onartzeko prest daude. LABek, berriz, aztertu egin behar du.

Batzordeko 13 ordezkaritatik 11k oniritzia eman diote akordioari, horren arabera, bosgarren lan-txanda bat ezarriko dute datorren astetik aurrera, eta etorkizunean sei txanda egiteko aukerari atea irekita utzi diote.

Akordioaren mamia honako hau da: batetik, zuzendaritzak enpresarako lan-karga gehiago lortzeko eta bezeroen arretarako zerbitzua hobetzeko konpromisoa hartu du; bestetik, sindikatuek  malgutasuna onartu dute, produkzioa handitzeko.

Enrique Baratta Gipuzkoan CCOOeko Industria Federazioak duen arduradunak azaldu duenez, lan-karga handituko den mailaren arabera, enpresak kontratazioak egin ditzake urteko azken hiruhilekoan.

Arcelor Mittalek Zumarragan duen fabrikan 370 bat pertsonek lan egiten dute.

Sindikatuen erreakzioak

Sindikatuen erreakzioak LAB sindikatuak bilera bat egingo du ostiral honetan, akordioari buruzko erabaki bat hartzeko, baina, gaur, ohar batean enpresako zuzendaritzaren jarrera kritikatu du, langileen eskubideak “lermatzeko” helburuaz lantegia ixtearekin mehatxu egitea leporatuta.

LABen hitzetan, “harritu egiten du nolaz atzo ixteko beste aukerarik ez zuen enpresa batek gaur bosgarren lan-txanda bat jartzen duen lan-karga handiago bati erantzuteko”.

Bestalde, UGTren Metalaren Federazioa akordioagatik poztu egin da, eta lan-karga gehitzea “enplegua mantentzearen eta berriak sortzearen aldeko apustu handia” izango dela nabarmendu du.

UGTko arduradunek “erne mantenduko” direla esan dute, eta “datozen hilabeteetan konpainiaren jarduerak gertutik jarraituko” dituztela gaineratu dute.

"Egindako esfortzua" eskertu du Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun Sailak enpresari eta langileei egindako esfortzua eskertu die akordio batera iristegatik, Arcelorren aldi baterako itxiera ekiditeko.

 

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Zumarraga argazkiak Gaurko azken orduko albistea Burdingintza