Ekonomia -

Caja Madrideko txartel beltzak

Blesari 16 milioiko fidantza ezarri dio epaileak, eta hirukoa Ratori

“Txartela soldataren parte eta ordainketarako tresna bat zen; horregatik onartu nuen”, azaldu du Rodrigo Rato Caja Madrideko presidente ohiak Fernando Andreu epailearen aurrean.

Epaileak 3 eta 16 milioi euroko fidantza ezarri die Rato eta Blesari

1:39

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak 16 eta 3 milioi euroko fidantza zibilak ezarri dizkie Miguel Blesa eta Rodrigo Rato Caja Madrideko presidente ohiei, hurrenez hurren. Horrela, hiru eguneko epea dute inputatuek ordaintzeko, bestela ondasunak bahituko dizkiete.

Bi inputatuei 15,5 milioi euroko berme zibila ezartzea eskatu du ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak. Iturri juridikoek Ministerio Publikoak egindako eskakizunaren berri eman dute. Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsak Fiskaltzaren eskaerarekin bat egin du.

Andreu epailearen aurrean ordubete eskaseko deklarazioa egin dute bi inputatuek, Caja Madrideko txartel beltzen eskandaluagatik. Bankuko 83 kontseilari eta zuzendari ohik 15,5 milioi euro xahutu zituzten 1999tik 2012ra arte.

Txartelen legezkotasuna defendatu du Blesak, soldataren osagai bat zirelako. Hala ere, Ogasunaren aurrean egoera erregularizatu behar izan zuela onartu du bankari ohiak, errenta-aitorpenak zuzenak ez zirelako.

Ustezko txartel ilunak Caja Madriden "ohitura" bat zirela esan du Blesak, iturri juridikoek jakinarazi dutenez.

Txartela Caja Madridera heldu zen lehen egunean eman ziotela aitortu du Ratok. Hala ere, txartela soldataren parte zela eta zerga-atxikipena zuela azaldu du.

"Txartela soldataren parte eta ordainketarako tresna bat zen; horregatik onartu nuen", adierazi du. Ondorioz, soldatan barneratuta zegoen eta bere kontratuan agertzen zen, erantsi duenez.

Bankia Caja Madrid preferentistak efe

Preferentistak Auzitegi Nazionalean. Argazkia: EFE

Preferentisten protesta

Dozenaka preferentistek Rato oihu artean hartu dute Auzitegi Nazionalera heldu denean, 16:30ean.

Rato Renault Laguna auto batetik azkar jaitsi da manifestarien aurretik pasa eta gero. Preferentistak Recoletos Pasealekuan bildu dira, Prim kalean. Istiluak saihesteko Prim kalea oinezkoentzako itxi du Poliziak.

"Txorizoak, putazaleak, gure diruarekin" edo "hemen gaude, guk ez dugu lapurtzen", garrasi egin dute manifestariek elkarretaratzean. Ratori txistu eta oihu egin diote preferentistek, baina Poliziaren dispositiboak liskarrak eragotzi ditu.

Sanchez Barcoj

Bestalde, ‘B txartelen’ sistema bera kontseilari izendatu baino lehen sortu zutela ziurtatu du Ildefonso Sanchez Barcoj Caja Madrideko finantza zuzendari ohiak Andreu epailearen aurrean, defentsako abokatuek jakitera eman dutenez.

Epailearen aurrean ordu eta hamar minutu eman ditu Sanchez Barcojek. Sistema berak sortu zuenik ukatu du kontseilariak. Gainera, gastu guztiak justifikatu zituela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea