Ekonomia -

Greba mugagabea

Istiluak izan dira Bizkaibuseko greba mugagabearen bigarren egunean

Erasoak izan dira gauean Pesak Berriatuan dituen garajeetan. Autobus guztien ispiluetara pintura bota dute, eta ibilgailu bati beira apurtu diote.

Greba mugagabea Bizkaibusen istilu txiki batzuekin

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Itziar Garamendi Bizkaiko Garraiobideen diputatuak gezurra esatea egotzi die sindikatuei, Bizkaibuseko langileek duten lan gatazkan, eta greba mugagabearen “alde bat” bertan behera uzteko eskatu die, konponbidea ekarriko duen negoziazioari begira “keinu” gisa ulertzeko.

Garraiobide publikoen zerbitzuak izandako bigarren greba egunean, UGT, ELA, CCOO, LAB eta LSB/USO sindikatuek eta Diputazioak elkarri akusazioak egin dizkiote, gatazkaren iturri direla leporatuta.

Gaur, asteartea, egindako manifestazioan, langileek diputatuaren dimisioa eskatu dute oihuka, Diputazioko Jauregiaren atarian, Bilbon, eta diputatuak, prentsaurrekoan, greba “bidegabe eta justifikaziorik gabe” mantentzea leporatu die.

Gainrea, esan du enpresetan milioi batetik gorako galerak sortzen ari dela, eta azaldu du Bizkaibus zerbitzuarentzat aurten bideratutako 79 milioien % 70 langileen kostuak ordaintzeko erabili direla.

Garamendiren ustean, “greba ez dira lan arrazoiengatik egiten ari”, ez delako “soldataz, lanaldiaz ez gainsariaz” hitz egiten, eta “inork ez du lanpostua galduko eta lan baldintzak ez dira kaskartuko”.

Bestalde, Bizkaibuseko langileen batzordeak berretsi du eutsi egingo diotela muga gabeko grebari, Bizkaiko Diputazioak zerbitzua hobetzeko eta lanpostuak mantentzeko konpromisoa hartu ezean.

Halaber, sindikatuek “ulertuko lukete herritarrek autobusean ez ordaintzea, Diputazioaren jarrera eta proposatzen ari den zerbitzuaren galera ikusita”.

Egindako prentsaurrekoan, sindikatuek salatu dutenez, Diputazioak “egun dauden ibilbideak txirotzeko eta, hortaz, lanpostuak murrizteko” asmoa du.

“Atsekabez ikusi dugu Diputazioak orain dela urtebete adostutakoa berriz negoziatu nahi duela, baldintzak kaskartuz”, kritikatu dute. 2013ko urriaren 4an adostutako itunaren arabera, Diputazioak lanpostuak mantentzeko konpromisoa hartu zuen”, ziurtatu egin du Iñaki San Andres ELA sindikatuko kide eta langileen batzordeko bozeramaleak.

Istiluak goizean

Bizkaibuseko langileak greba mugagabearen bigarren eguna egiten ari dira gaur. Aldundiak salatu duenez, gauean zehar erasoak jasan dituzte Berriatuko zenbait autobusek: atzerako ispiluak erabilezin utzi dituzte, pintura botata, eta ibilgailu bati beira hautsi diote.

Bizkaiko Foru Aldundiak ohar batean azaldu duenez, erasoak gauean zehar egin dituzte, Pesa enpresak Berriatuan dituen garajeetan. Autobus guztien atzerako ispiluetara pintura bota dute, eta ibilgailu bati beira apurtu diote.

Atzo ere istiluak izan ziren Berriatuan, ELAk, LABek, CCOOk, UGTk eta LSB/USOk deitutako greba mugagabearen aurreneko egunean. Piketeek gutxieneko zerbitzuak egin behar zituzten ibilgailuei irteera oztopatu zieten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaibus gaur