Ekonomia -

Hauteskunde sindikalak

ErNEk irabazi ditu Ertzaintzaren hauteskunde sindikalak

25 ordezkari lortu ditu, eta ESAN (15 ordezkari), ELA (11), SIPE (7), EUSPEL (4) eta CCOO (1) geratu dira ondoren.

Ertzain bat, hauteskunde sindikaletan bozkatzen. EFE
Ertzain bat, hauteskunde sindikaletan bozkatzen. EFE
Ertzain bat, hauteskunde sindikaletan bozkatzen. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ErNE sindikatuak irabazi ditu Ertzaintzaren hauteskundeak, botoen % 39,42 eta enpresa batzordean 25 ordezkari lortuta (63 dira guztira); hau da, duela lau urte baino hiru gehiago.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak azaldu duenez, bigarren ESAN sindikatua izan da (botoen % 22,4 eta 15 ordezkari -8 gehiago-), eta ondoren ELA (botoen % 14,69 eta 11 ordezkari -3 gutxiago-), SIPE (botoen % 9,36 eta 7 ordezkari), EUSPEL (botoen % 7,41 eta 4 ordezkari) eta CCOO (botoen % 4,59 eta ordezkari bat -5 gutxiago-).

Emaitza horien ondorioz, ErNE, ESAN, ELA eta SIPE izango dira Ertzaintzaren Kontseiluan, Segurtasun Sailak eta langileen ordezkariek osatzen duten kontsulta eta proposamen organoan.

7.853 ertzain zeuden boto ematera deituta, eta, azkenean, parte-hartzea % 82,36koa izan da. Parte-hartzaileen % 57,21ek aldez aurretik eman zuten botoa; gainerakoek atzo, hauteskunde-egunean, bozkatu zuten.

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak txalotu egin du parte-hartze handia, eta ertzainek "erakundearekin duten konpromisoa" erakutsi dutela nabarmendu du.

"Hurrengo urteetan Segurtasun Saila eta sindikatuak lankidetzan aritu ahal izatea espero dut, lan-harremanen esparru egonkorra eta pozgarria lortu ahal izateko", gaineratu du sailburuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza