Ekonomia -

Mobilizazioak Osakidetzan

Grebaren jarraipena % 6,52koa izan da, Osakidetzaren arabera

Datu “faltsua” dela salatu dute sindikatuek. “Greba egiteko benetako aukera” izan duten langileen artean lanuzteak jarraipen “garrantzitsua” izan duela ziurtatu dute.

Gaur erregistratu dituzte lanuzteen deialdiak sindikatuek. EFE
Osakidetzako sindikatuak
Lanuzteak hasi dituzte Osakidetzan

1:43

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txanda bakoitzeko lau orduko lanuztea deitu dute sindikatuek osasun zerbitzuetan, baina jarraipen txikia izan duela azaldu du Osakidetzak. Goizeko txandan grebaren jarraipena % 6,52koa izan dela esan du Osakidetzak, baina datu “faltsua” dela salatu dute sindikatuek.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak “neurriz kanpoko” gutxieneko zerbitzuak ezarri dituela salatu dute sindikatuek.

Parte-hartzearen daturik ez dute eman sindikatuek, baina “greba egiteko benetako aukera” izan duten langileen artean lanuzteak jarraipen “garrantzitsua” izan duela ziurtatu dute.

SATSE, SME, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek langileak goizeko (11:00etatik 15:00etara) eta arratsaldeko (15:00etatik 19:00etara) txandetan laur orduko lanuzteak egitera deitu dituzte, Osakidetzan lanpostuak sortzeko akordio bat eskatzeko.

Eguerdian, Osakidetzako ehunka langilek manifestazioak egin dituzte EAEko hiru hiriburuetan.

Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusiak emandako datuen arabera, goizeko txandan % 6,52ko jarraipena izan du lanuzteak. 14.100 langilek lan egin behar zuten ordutegi horretan.

Etxeberriaren hitzetan, lanuzteak eragin handiagoa izan du Bizkaian, % 7,6ko jarraipen batekin; ondoren Araban % 6,5 batekin eta Gipuzkoan % 3,4 batekin.

“Funtzionamendua ia normala izan da”, ziurtatu du Etxeberriak. Goizean 130 ebakuntza-gela prest izan behar ziren eta zazpitan “arazoak” izan dira, baina zelarien lanuztea zela eta.

Jarraipen “garrantzitsua”, sindikatuen arabera

Sindikatuek, ostera, langileen erantzuna “positiboa” izan dela esan dute. Grebak jarraipen “garrantzitsua” izan duela erantsi dute.

Osakidetzak Bilbon duen Ordezkaritzaren aurrean egin duten elkarretaratzean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Jon Darpon sailburuari "benetako negoziazioa"ri ekiteko galde egin diete sindikatuak.

Osasun Sailak ezarritako gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" direla eta, horrenbestez, greba eskubidea "urratu" dietela salatu dute, halaber, sindikatuek. Osakidetzak ipinitako "oztopoak" gorabehera, "lantaldearen zati handi batek" greba egin duela nabarmendu dute langileen ordezkariek.

Sailarekin hitz egiteko prest badaude ere, euren aldarrikapenei men egin ezean, iragarritako lanuzte eta greba orokorrak egin egingo dituztela nabarmendu dute langileen ordezkariek.

Gutxieneko zerbitzuak jaiegun batean ematen direnak baino gehiago izan direla salatu dute sindikatuek. Horrela, zenbait arlotan “% 100ekoak” izan direla kritikatu dute.

Sindikatuen ahotan, “neurriz kanpoko” gutxieneko zerbitzuak finkatu dituzte ospitaletan zein lehen arretan, grebaren eragina “murrizteko” helburuarekin.

Horrela, greba eskubidea urratzen ari direla uste dute sindikatuetako iturriek. Era berean, presioak eta “mehatxuak” salatu dituzte.

Encarna de la Maza Satse sindikatuko ordezkariak azaldu duenez, ospitaletako “langileen % 80” gutxieneko zerbitzuetan zeuden eta ebakuntza “asko” aurreikusi dituztela salatu du; izan ere, “premiazkoak” ez ziren operazioak egin dituzte.

Hilabetea amaitu baino lehen Sektoreko Mahaia berriz deituko dutela jakitera eman dute Osakidetzako arduradunek.

Lau lanuzte partzial eta greba orokorra, mahai gainean

Gaurkoaz gain, beste lau lanuzte partzial daude deituta azaroaren 13an Araban, 20an Gipuzkoan, eta 27an Bizkaian. Abenduaren 4an, berriz, greba orokorra.

Sindikatuen esanetan, mobilizazio horien helburuak Osakidetzan "galdutako enplegua berreskuratzea" eta osasun zerbitzua "hobetzea" dira. Ohar batean jakinarazi dutenez, helburu horiez gain, mobilizazioekin lan-karga "onargarriak" ezartzea eta langileen arteko soldata "diskriminazioak" deuseztea aldarrikatu nahi dute. "Langileen duintasuna eta osasun zerbitzua jokoan daude", gaineratu dute.

Osakidetzako Mahai Sektorialaren urriaren 22ko bilera akordiorik gabe amaitu ostean erabaki zuten deitzaileek mobilizazioekin aurrera egitea . Bilera horretan, Osakidetzako zuzendaritzak 474 enpleguko lan-eskaintza publikoa proposatu zien sindikatuei, baina, sindikatuen iritziz, ez da nahikoa.

Halaber, sindikatuek mobilizazioekin aurrera egiteko konpromisoa berretsi dute, harik eta "enpleguaren aldeko benetako konpromisoa", lan-kargak "hobetzea" eta lan-soldaten eskala bikoitza deuseztatzea lortu arte.

Sindikatuek salatu dutenez, azken hiru urteetan 3.000 lanpostu galdu dira Osakidetzan, eta hilero 8.000 pertsonak baino gehiagok lan egiten dute Osakidetzan behin-behineko kontratuen bidez. Horrez gain, urtero 500 langilek erretiroa hartzen dutela azpimarratu dute. Datu horiek eskuan hartuta, "474 lanpostuko lan-deialdi publikoa proposatzea enpleguaren suntsitzeaz hitz egitea, behin-behinekotasuna handitzea eta gizarteari irri egitea da".

Bestalde, sindikatuek osasun zerbitzua hobetzeko negoziatzeko borondatea dutela azpimarratu dute. Horien esanetan, Osakidetzako langileek hainbat murrizketa pairatu dituzte, eta horrek "kalitate gutxiagoko osasun zerbitzua" izatea ekarri du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza ELA LAB albisteak Grebak albisteak EAE Ekonomia 2024 Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuen azken ordukoa CCOO UGT Langileen Batasun Orokorra ESK sindikatuaren azken ordukoa