Ekonomia -

Agerraldi publikoa

Confebaskek ELA eta LAB 'legez kanpo' uztea eskatu du, LABen esanetan

“Ez dugu eskatu eta ez genuke sekula egingo”, erantzun du Confebaskek agiri batean. Sindikatuak “legez kanpo” uztea eskatu duenik “guztiz eta irmotasunez” ukatu du patronalak.

Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusia. Artxiboko irudia: EFE
Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusia. Artxiboko irudia: EFE
Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusia. Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusiak salatu duenez, Confebaskek “ELA eta LAB sindikatuak legez kanpo uztea” eskatu du, “lan harremanen esparrutik at geratzeko”.

EAEko enpresaburuen elkarteak sinatutako zortzi orrialdeko agiri bat jaso dutela azaldu du Etxaidek agerraldi batean. Enpresa eta sindikatu elkarteak arautzeko estatutuen Dekretua aldatzeko proiektuaren zirriborroa egin du Gobernuak. Confebaskek alegazioak egin dizkio.

Sindikatu Askatasun Legearen araudia berritzen du zirriborroak. Alegazioak prestatzeko iradoki zien CEOEk erkidegoetako elkarteei, eta Confebaskek bereak idatzi ditu. LABek alegazio horiek jakitera eman ditu gaur, “eskandalu bat direlako”.

EAEko enpresaburuen elkarteak ustez idatzitako dokumentua funtsean Gobernuaren zirriborroarekin “ados” dago, eta erreforma bat “beharrezkoa” zela gaineratzen du. Hala ere, elkartearen estatutuetan jasotzen ez den jarduera egiten duela frogatzen baldin bada, sindikatu bati “baja emateko” boterea eskatu du Confebaskek.

Horrela, “estatutuetan formalki jasotako helburuak betetzen ez dituzten kasuetan” legez kanpo uzteko “mekanismoak” eskatu dituzte EAEko enpresaburuek.

“Erabaki judiziala”

Proposamen “zorrotza eta zaila” dela dio Confebaskek agirian. “Sindikatu edo enpresaburuen elkarte bat” legez kanpo uztea “erabaki judizialak bakarrik” egin ahal izatea “alternatiba gisa” planteatu du EAEko enpresaburuen elkarteak.

Dokumentua idatzi duen baieztatzeko LAB ez da Confebaskekin harremanetan jarri, baina Etxaideren hitzetan, “logikaren barruan dago” eta enpresaburuen diskurtsoarekin “bat dator”.

Etxaideren ahotan, “menderatu ezin ditzaketen bi sindikatu daude eta lan harremanetatik at utzi nahi dituzte”. “Agiria benetakoa bada”, ELA eta LAB akabatzea eskatzen ari dira eta “sindikatuen ilegalizaziotik askatasun sindikalari egindako erasorik handiena litzateke”, erantsi duenez.

Testua beste sindikatu batzuei igorri die LABek. Bestalde, Confebask gaitzesteko Eusko Legebiltzarreko alderdien babesa bilatzen ari da LAB. Era berean, Confebaskeko zuzendarien dimisioa eskatzea planteatuko dio sindikatuak Eusko Jaurlaritzari.

Confebask “erakunde autoritarioa da” eta “eredu frankista inposatu nahi du, beraiek nahi dituzten sindikatuak izateko eta, kezkagarriagoa dena, proposatzen baldin badute aldaketa onartzeko testuinguru politikoa ematen delako da”, azaldu du LABeko idazkari nagusiak.

Confebaskek “irmotasunez” ukatu du

Bestalde, ELA eta LAB sindikatuak “legez kanpo” uztea eskatu duenik “guztiz eta irmotasunez” ukatu du Confebaskek.

LABen salaketari erantzun dio enpresaburuen elkarteak agiri batean: “Ez dugu eskatu eta ez genuke sekula egingo”.

LABek jaso duen agiria zein den ez dakiela azaldu du patronalak, baina “negoziazio kolektiboa, gatazka kolektiboen planteamendua, elkarrizketa soziala eta parte-hartze instituzionala funtzio propioak” bezala sindikatuen estatutuetan barneratzea “eskatu” dutela azpimarratu du.

Horregatik, “LABek aditzera eman duenaren guztiz kontrakoa” defendatzen duela nabarmendu du Confebaskek; izan ere, “dekretuaren zirriborroan Gobernuak planteatutakoa baino prozedura bermatzaileagoa eta zuhurragoa” eskatu dute enpresaburuek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Langileen Alkartasuna LAB albisteak Confebask bideoak