Ekonomia -

Bankia auzia

Espainiako Bankua: 'Bankiaren kontuek ez zuten egoera erreala islatu'

Espainiako Bankuko adituen arabera, Ratok 2011n aurkeztutako kontuek eta gerora Goirigolzarrik aurkeztutakoek ez zuten bankuen 'irudi fidela'  erakutsi.

Ratok aurkeztutako kontuek ez zuten BFA Bankiaren filialaren 'egoera erreala' islatu.
Rodrigo Rato
Ratok aurkeztutako kontuek ez zuten BFA Bankiaren filialaren 'egoera erreala' islatu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodrigo Ratok 2011n BFA Bankiaren filialari buruz aurkeztutako kontuek eta Jose Ignacio Goirigolzarrik gerora aurkeztutakoek ez zuten "bi erakunde hauen irudi fidela islatu", Espainiako Bankuen adituek egin duten txosten baten arabera.

Txostena 'Bankia auzia' ikertzen ari den Fernando Andreu epaileari igorri dio Espainiako Bankuak. Bertan jasotzen denez, "egindako doikuntza garrantzitsu batzuk kontuan hartu gabe egin zituzten kontuak".

Hala, Rato buru zuen taldeak 2011n aurkeztutako kontuetan agerian geratzen da "kreditu arriskuari jarraipen negargarria" egin ziotela.

Bankuaren zuzendaritza Goirigolzarriren esku geratu zenean ere irregulartasunak atzeman dituzte Espainiako Bankuko adituek. Txostenaren arabera, "BFAren aktibo fiskalak modu okerrean doitu zituzten" eta Sareb banku txarra sortzeko erabilitako aktiboek sortutako narriadurak-3.100 milioi euro- ez zituzten modu egokian zenbatu.

Adituen azterketak agerian utzi omen du aktiboen "narriadura jakinarazteko prozesuan atzerapenak" izan zirela, nahiz eta taldeko administratzaileek eta zuzendariek datuak interpretatzeko eta ondorio zuzenetara iristeko "gaitasun eta esperientzia" nahikoa izan.

Bankiaren 2011ko lehenengo kontuek ez dituzte Espainiako Bankuaren arauak betetzen, "akatsak" baitaude "kontabilitatean", ez zirelako baliabide propioei eta ondareari zegozkien 781,9 milioi kendu.

Era berean, karteren berrikuspenagatik eta higiezinen arriskuak eragindako 1.301,3 milioi euroko galerak ere ez ziren kontuan izan.

Hori horrela, 2.083,2 milioi euroko galerak ez ziren aintzat hartu, eta 252,87 milioi euroko etekinetik, 1.830 milioi euroko galerak izatera pasatu beharko zen Bankiaren balantzea.

Horregatik guztiagatik, zalantzan jartzen du Deloittek eta Francisco Celma auditoreak kontuak onartu izana, eta Espainiako Bankuaren araudia betetzen zuela esan izana, "finantza egoera egonkortuak eta emaitza egonkortuek ez baitituzte aipatu arauak betetzen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea