Ekonomia -

Zestoa

TS Fundicioneseko langileek 4.000 sinadura aurkeztu dituzte epaitegian

Donostiako epaitegian aurkeztu dituzte sinadurak. Hiru eskaintza daude enpresa erosteko; orain, administratzaileak bere txostena egingo du eta epaileak du azken hitza.

Artxiboko irudia: ELA
Artxiboko irudia: ELA
Artxiboko irudia: ELA

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zestoako TS Fundiciones enpresako langileek 4.000 sinadura aurkeztu dituzte gaur goizean Donostiako epaitegian, fundizioa berriz irekitzea eskatzeko.

Enpresak pasa den ekainean itxi zituen ateak eta 140 pertsona lanik gabe geratu ziren. Geroztik, langileek itxialdiak eta mobilizazioak egin dituzte eta sinadurak ere eskatu dituzte enpleguaren alde.

Langileek jakin badakite TS Fundicioneseko administratzaileak enpresa erosteko hiru eskaintza dituela mahai gainean. Hala ere, langileek salatu dute ez dituztela eskaintza horien xehetasunak ezagutzen. Ildo horretan, Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako sailburuarekin kritiko agertu dira, hedabideetan hiru eskaintzen berri eman duelako eta, aldiz, langileek ezer gutxi dakitelako.

Larunbat honetan, Arantza Tapia sailburuak Euskadi Irratian esan zuen 3 eskaintza daudela eta horietako bi oso bideragarriak direla.

Zorion Ortigosa LABeko ordezkariak epaileari eskatu dio aintzat har ditzala enpleguaren kalitatea eta proiektuaren bideragarritasuna, eskaintza ekonomikoaz gain.

Dena den, langileak itxaropentsu daude eta hala adierazi du Zorion Ortigosak: "Ez daukagu inolako zalantzarik proiektua egongo dela, proiektu horrek lan baldintza duinak izango dituela eta orain arte borrokan egon diren TS Fundicioneseko langileak bertan lanean egongo direla".

Hiru eskaintzak mahai gainean, administratzaileak bere txostena egin eta epaileak erabakiko du. Gaurtik aurrera ezagutuko da enpresaren jabe berriaren izena.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea