Ekonomia -

Lanuztea Lanbiden

Lanbiden lanuzteak egingo dituzte astelehen honetan

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek greba deitu dute lanpostuen zerrenda bertan behera uztea eskatzeko.

Lanbideko bulego bat. Artxiboko irudia: EiTB
Lanbideko bulego bat. Artxiboko irudia: EiTB
Lanbideko bulego bat. Artxiboko irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek lanuztea deitu dute astelehenerako Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan (zazpigarrena urte eta erdian), lanpostuen zerrenda bertan behera uztea eskatzeko eta erakundeak langile politikan daukan "nahaspila" salatzeko.

Aipaturiko sindikatuek salatu dutenez, Lanbidek duela lau urte Enplegu politika aktiboen eskumena jaso zuenetik, Eusko Jaurlaritza ez da zerbitzua antolatzeko gai izan.

Sindikatuek "egunetik egunera aldatzen diren ildoak" daudela salatu dute eta "bulego batetik bestera" ezberdinak direla gaineratu dute. Hori dela eta, Lanbideko egoera "nahasia" dela nabarmendu dute.

Halaber, ohartarazi dute egoerak okerrera egin dezakeela Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako lanpostuen zerrendak aurrera egiten badu.

Gatazkaren muinak 2011n dauka jatorria, hain zuzen ere, Lanbidek Enplegu politika aktiboen eskumena eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren kudeaketa bere gain hartu zituenean. Horren aurrean, Lanbidek 160 administrari kontratatu zituen eta, geroztik, langile horiek behin-behineko egoeran zeuden antolakuntza eredua eta lanpostuen zerrenda noiz argitaratu zain. Jaurlaritzak abenduan argitaratu zuen lanpostuen zerrenda, baina sindikatu guztiak aurka azaldu ziren. Jaurlaritzak abiatutako prozesuak aurrera egiten badu, 160 langile lanik gabe geldituko dira.

Sindikatu guztien eskaria honakoa da: Lanbideko lanpostuen zerrenda erretiratzea eta lanpostuen esleipena gelditzea.

Bestalde, sindikatuek Lanbide "lohituta" utzi izana egotzi diote Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburu ohiari. Lanpostuen zerrendari dagokionez, ohartarazi dute Eusko Jaurlaritzak prozesuarekin aurrera jarraitzen badu, langileen lan baldintzak kaltetuko direla eta horren ondorioak "izugarriak" izan daitezkeela.

Ildo horretan, Aburtok utzitako herentzia albo batera uzteko eta lanpostuen zerrenda erretiratzeko eskatu diote sindikatuek Angel Toña Enplegu sailburu berriari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lanbide albisteak