Ekonomia -

Lan gatazka

Martxoaren 25, 26 eta 27rako lanuzteak deitu dituzte Lanbiden

Sindikatuek salatu dutenez, Jaurlaritzarekin "bilera amaigabeak" egin badituzte ere, negoziazioan ez atzera ez aurrera daude.

Otsailean hainbat lanuzte egin dituzte Lanbideko langileek. EFE
Otsailean hainbat lanuzte egin dituzte Lanbideko langileek. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan hiru lanuzte partzial deitu dituzte martxoaren 25, 26 eta 27rako ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Lanuzteak 08:30etik 14:00etara egingo dituzte, sindikatuok ohar batean zehaztu dutenez.

Lanbiden langileen ordezkaritza osoa duten sindikatuek salatu dutenez, "Lanbide enplegu bulegoetako tentsioa haziz doa egunetik egunera, eta unean-unean egon den zuzendaritza ez da zerbitzua antolatzeko eta kudeatzeko gai izan".

Sindikatuek zabaldutako oharraren arabera, "Jaurlaritzak lanpostu-zerrenda egin du, eta sortutako lanpostu horiek betetzeko prozesuari ekin dio sindikatuekin ezer adostu gabe. Horrek sindikatu guztiak eta langile gehienak sumindu ditu".

Lanbideko langileen ordezkariek salatu dutenez, "lau urte hauetan bilera amaigabeen tortura pairatu badugu ere, negoziazioan giltzarri diren gaietan lehengo burutik du lepoa Jaurlaritzak".

"Adarra jo digute"

Horren ildoan, "benetan negoziatzeko inongo asmorik ez" dela egon uste dute: "Adarra jo digute; are gehiago, engainatu egin gaituzte", kritikatu dute.

Sindikatuen hitzetan, "aurreko gobernua (PSE-EEk zuzendutakoa) hainbeste kritikatu zuen EAJ ez da Lanbide antolatzeko gai izan, akats berberak edo larriagoak egin ditu". Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu berriaren jarrera ere kritikatu dute: "Aburtoren taldearen proposamena bere egin du, eta ez du negoziazio bilerarik deitu".

Hori horrela, "jasotako herentzia" bere ez egiteko deia egin diote Toñari, eta Josu Erkoreka Administrazio Publiko eta Justizia sailburuari "lanpostu-zerrendaren negoziazioari heltzeko" eskatu diote: "Bertan behera utz dezala lanpostu-zerrenda eta lanpostuak berrantolatzeko prozesua geldiarazi dezala. Ondoren, sindikatuekin negoziatzen has dadila eta, bien bitartean, langileen segurtasuna bermatzeko neurriak har ditzala".

Jaurlaritzak jarrera aldatzen ez badu, "epaitegietara" joko dutela iragarri dute sindikatuek, eta horrek "langileen artean giro eskasa sortuko du".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Langileen Alkartasuna albisteak Langile Abertzaleen Batzordeak Grebak albisteak Lanbide berriak