Ekonomia -

Lan gatazka

Gipuzkoako adinekoen egoitzetan greba mugagabea deitu du ELAk

Lan hitzarmenaren inguruan akordiorik lortu ez duten edo hitzarmenik ez duten langileak ekainaren 1etik aurrera daude grebara deituta.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA sindikatuak greba mugagabea deitu du Gipuzkoako adinekoen egoitza, eguneko zentro eta babespeko etxebizitza lagunduetan ekainaren 1etik aurrera.

Sindikatuak ohar batean jakinarazi duenez,  lan hitzarmenaren inguruko akordiorik ez duten zentroetako eta hitzarmenik ez duten langileak daude grebara deituta.

Izan ere, mota honetako egoitzen lan hitzarmenaren inguruko negoziaziotan dira sindikatuak eta Gipuzkoako patronala. ELAren arabera, 24 zentrotan ituna izenpetu dute, baita "makina bat eguneko zentrotan ere". Ekaina baino lehen, beste 15 egoitzatan sinatuko dutela uste du sindikatuak.

Gipuzkoako adineko egoitzen lan gatazka 2014ko urrian hasi zen. ELAk patronalari egotzi dio gatazka luzatzearen erantzukizuna, "akordioa negoziatzeari ezezkoa" eman diola argudiatuta.

Sindikatuak gogorarazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak 11 milioi euroko partida hitzeman zuen 4.800 langileen "baldintzak hobetzeko" , baina hori hala izanik ere, patronalak "adineko egoitzen sektorea blokeatu nahi du".

ELAren aburuz, "posible da enpresa guztietan akordioak ixtea, baita sektore osoan ere,baina patronalaren jarrera inmobilistak inoiz iritsi behar ez zen lan gatazka okertu besterik ez du egin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Eusko Langileen Alkartasuna