Ekonomia -

200 kontratu berri

4.900 auto gehiago ekoitziko ditu Volkswagenek 2015ean

Produkzioa areagotuko duela baieztatu du zuzendaritzak. Guztira, 284.648 auto ekoitziko ditu Landabengo lantegiak. Zuzendaritza sindikatuekin bildu da uztaileko egutegia adosteko.

Volkswagen. Artxiboko irudia: EiTB
Volkswagen. Artxiboko irudia: EiTB
Volkswagen. Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Produkzioa areagotuko duela baieztatu du Volkswageneko zuzendaritzak. 4.900 auto gehiago egingo ditu Iruñeko lantegiak 2015ean. Guztira, 284.648 auto ekoitziko dituzte Landabenen. Era berean, 200 bat pertsona kontratatu beharko dituztela iragarri du zuzendaritzak.

CCOO eta LAB sindikatuek bi agiritan azpimarratu dutenez, zuzendaritza langileen ordezkaritzarekin bildu da uztaileko behin betiko eta abuztuko behin-behineko egutegia adosteko.

Eskaera berri honen zatirik handiena uda baino lehen edo udan zehar ekoitzi behar dutela nabarmendu du CCOOk. Horregatik, 200 bat pertsona kontratatu beharko dituztela erantsi du.

Arratsaldeko eta asteburuko txanda

Produkzioa aurrera eramateko, langileen ordezkariei proposamen bat entregatu die enpresak. Sindikatuek proposamena aztertuko dute. Horrela, motor, muntaketa eta txapa lantegietan aldaketak proposatu ditu zuzendaritzak, beti arratsaldeko txandan.

Era berean, 8 orduko txanda bat martxan jarriko dute txapa-lantegian, larunbatean, ekainaren 8tik irailaren 25era arte. Horrela, kontratazioak laster egingo dituzte.

Produkzioa eta inbertsioa areagotzea “oso ongi” hartu du CCOOk. Sindikatuaren hitzetan, “langileen esfortzu, elkartasuna eta lana erabakigarriak izan dira lantegiaren etorkizuna bermatzeko”.

Bestalde, 10 egun itxi beharko dituztela ohartarazi du LAB sindikatuak. Egun horiek datozen urteetan lan egin beharko dituztela gaineratu du sindikatu abertzaleak. “Edozein aldaketak langileen urteko lanaldia bermatu” behar duela esan du LABek. Sindikatu abertzalearen ahotan, sortu behar dituzten lanpostuak “prekarioak eta aldi baterako” izango dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Albisteak Volkswagen gaur Automobilgintza Euskadin eta Nafarroan