Ekonomia -

Polizia-operazioa

Espainiako Poliziak Gasteizko Zayer enpresa miatu du

Miaketak ekintza terroristekin zerikusirik ez duela azaldu du Ignacio Cosido Poliziako zuzendari nagusiak.

Zayer enpresaren egoitza, Gasteizen. Argazkia: Efe
Zayer enpresaren egoitza, Gasteizen.
Poliziak Zayer Gasteizko enpresa arakatu du

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziako dozenaka agentek Gasteizko Zayer enpresa miatu dute, makina-erreminta sektoreko lantegi horren jarduerak ikertzeko operazio baten baitan.

Ikerketako iturriak aipatuta Europa Press albiste agentziak jakitera eman duenez, operazioak "erabilera bikoitzeko" materialaren salmenatarekin du zerikusia. Material horrek erabilera zibila eta militarra izan dezake, eta bigarrenaren kasuan, baimen bereziak behar dira salmentarako.

Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak operazioa baieztatu du, baina ez du xehetasun gehiago eman; izan ere, epaileak sekretupean jarri du sumarioa.

Enpresako iturri sindikalen arabera, ordea, baliteke operazioak zerikusia izatea enbargoa ezarrita duten herrialde batzuekin, Errusiarekin eta Iranekin adibidez, ustez dituen harreman komertzialekin.

1940ko hamarkadan sortu eta egoitza Gasteizko Betoñu industrialdean duen enpresak makina fresatzaileak eta mekanizatu zentroak ekoizten ditu, eta 220 langile ditu gaur egun.

Langileak, hormaren kontra

09:30 aldera Polizia Nazionaleko dozenaka agente lantegian sartu dira eta langileak hormaren kontra jarri dituzte.

Geroago, fabrikatik ateratzeko eskatu diete. Hala ere, duela gutxi Errusiara bidaia egin duten teknikariak eta enpresako zuzendariak atxiki dituzte poliziek.

Miaketa arratsaldera arte luzatu da eta arratsaldeko txandako langileak lantegian sartzen saiatu direnean, 14:00etan, poliziek ez diete sartzen utzi.

Poliziak mugikorrak erabiltzen utzi ez diela zehaztu dute beharginek. Gainera, makinak itzali gabe faktoria husteko eskatu omen diete.

Lotura terroristak baztertu ditu Cosidok

Miaketak ekintza terroristekin zerikusirik ez duela azaldu du Ignacio Cosido Poliziako zuzendari nagusiak.

Ikerketa sumario-sekretupean dago, baina Cosidok “lasaitasun” mezu bat bidali nahi izan du. “Terrorismo gaiekin zerikusirik ez du”, adierazi du Poliziako zuzendari nagusiak.

“Espainiako ekintza terroristekin zerikusirik ez du miaketak”, berriro azpimarratu du Cosidok Polizia Nazionalaren Nazioarteko IV. Ikastaroaren amaieran, Carrion de los Condesen (Palencia).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Gasteiz albisteak Enpresak