Ekonomia -

Lan-gatazka

Aernnovak 150 langile kaleratu nahi dituela salatu dute sindikatuek

Enpresa batzordeak azaldu duenez, produkzioa atzerriko lantegietara eramatea da zuzendaritzaren asmoa eta, ondorioz, Berantevillako fabrika proiektu berrien garapenerako erabiliko da soilik.

Aernnovak 150 langile kaleratuko ditu

1:40

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aernnovak Berantevillako (Araba) lantegian dituen 150 langile kaleratzeko asmoa daukala salatu du gaur enpresa batzordeak.

“Komunikabideetan Aernnovaren negozioari buruzko albiste positiboak maiz topatzen ditugu, baina langileen errealitatea ezkutatu egiten da, eta enpresak kaleratzeak egiteko asmoa duela iragarri berri digu”, azpimarratu dute agerraldi batean.

Azken bi urteotan “enplegu erregulaziorako espedienteak pairatzen” ari direla gogoratu dute, “eta orain langileak kaleratu nahi dituzte, burtsara ateratzean, akziodunen aurrean ‘arinagoak’ direla emateko”, kritikatu dute.

“Konpainiaren asmoa produkzioa Mexikon, Txinan, Brasilen eta Indian dituen lantegietara eramatea da eta, ondorioz, Berantevillako fabrikan proiektu berriak landuko dira soilik”, ohartarazi dute langileen ordezkariek.

Iñigo Urkullu lehendakaria duela ia urtebete Mexikora joan zela eta euskal enpresak herrialde hartan ezartzea “Euskadirentzat estrategikoa” dela nabarmendu zuela gogoratu dute. “Aukerez eta egonkortasunaz hitz egin zuen hartan, orain iragarri duten planaren berri ba ote zuen argitu behar du lehendakariak”, adierazi dute.

Gauzak horrela, datozen egunetan bilerak egingo dituzte Legebiltzarrean nahiz Arabako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiekin. Irailaren 26an, berriz, manifestazioa egingo dute, kaleratzeen aurka.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Ekonomia berriak Albisteak