Ekonomia -

Epaia

Gizarte Segurantzak amiantoak eragindako heriotza bat pagatu behar du

2014an hil zen langile baten heriotzagatik, alargun-pentsioa, heriotzagatiko laguntza eta kalte-ordaina ordaintzera zigortu du Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionala Donostiako epaitegi batek.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako epaitegi batek erabakita, Gizarte Segurantzak ordaindu beharko ditu 2014an amiantoaren ondorioz hil zen langile bati zegozkion prestazioak.

CCOO-Euskadi sindikatuak ohar baten bidez jakinarazi duenez, beharginak "hainbat enpresatan" egin zuen lan, eta "horietako batzuetan amiantoarekin egin zuen lan". Langilea mesoteliomak jota hil zen 2014ko uztailaren 4an, amiantoak eragindako gaixotasun baten ondorioz.

Sindikatuaren hitzetan, "Gizarte Segurantzak FREMAP mutua egin zuen prestazioen erantzule". Donostiako Gizarte arloko 5 zenbakiko epaitegiak berriki ebatzi duenez, ordea, amiantoaren ondorioz gaixotu zen garaian Gizarte Segurantzari zegokion prestazioa ematea, ez mutuari.

Epaiaren arabera, "mutuak 2008ko urtarrilaren 1etik aurrerakoa ordaindu beharko luke", data horretatik aurrera bere gain hartu baitzuten mutuek lanerako ezintasun iraunkorrari zegozkion prestazioak ordaintzeko ardura.

Horrenbestez, Gizarte Segurantzak ordaindu beharko ditu lanerako ezintasun iraunkorrari dagozkionak, baita familiari dagozkion alargun-pentsioa, heriotzagatiko laguntza eta kalte-ordaina ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Lana albisteak