Ekonomia -

Urriko datuak

Langabeziak % 0,53 egin du behera EAEn; Nafarroan, aldiz, % 1,83 gora

Lurraldeka, beherakadarik handiena Bizkaian izan da, baina Gipuzkoan eta Araban ere egin du behera. Estatuan, berriz, gora egin du, % 2,01, hain zuzen.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langabeen kopuruak behera egin du urrian EAEn, iraileko datuekin alderatuta, 823 pertsona gutxiago zenbatu baitituzte langabezian. Guztira, 154.599 langabe daude Euskadin. 2015eko hamargarren hilean, bi erkidegotan bakarrik egin du behera langabeziak: Madrilgo Erkidegoan eta EAEn.

Urtebetean 16.223 pertsona gutxiago zenbatu dituzte langabezian Euskadin. Hala, % 9,5 egin du behera langabeziak 2014ko urritik.

Lurraldeka, beherakadarik handiena Bizkaian izan da, 509 langabe gutxiago (% 0,58), eta 294 pertsona gutxiago (% 0,69) zenbatu dituzte langabezian Gipuzkoan, eta 20 gutxiago (% 0,08), Araban.

Sektoreka, beherakadarik handiena (1.156 langabe gutxiago) aurreko lanik gabeko kolektiboan izan da, eta industrian (167 langabe gutxiago) eta eraikuntzan (25 gutxiago) ere egin du behera. Langabeziak gora egin du, ordea, nekazaritzan (468 langabe gehiago) eta zerbitzuetan (57).

Urrian egindako kontratuei dagokienez, kopuruak gora egin du. 86.094 kontratu egin dituzte urrian; 5.890 kontratu mugagabe eta aldi baterako 80.204 kontratu.

Bestalde, batez beste, Gizarte Segurantzak 900.622 afiliatu zituen EAEn 2015eko urrian; hau da, irailean baino 9.097 gehiago (% 1,02) eta 2014ko urrian baino 17.265 gehiago (% 1,95). Horrela, Gizarte Segurantzaren sistemak 530.947 afiliatu irabazi ditu EAEn azken 12 hilabeteetan; hau da, % 3,18ko igoera izan du, 2006tik hil honetan izan den tasarik altuena, hain zuzen ere.

753 langabe gehiago Nafarroan

Nafarroan, aldiz, langabeziak % 1,83 egin du gora urrian, irailean baino 753 langabe gehiago zenbatu baitituzte langabezian. Guztira, 41.996 pertsona daude lanik gabe Foru Erkidegoan.

Hala ere, Enplegu Ministerioak gaur jakitera eman dituen datuen arabera, 5.023 pertsona gutxiago zenbatu dituzte langabezian urtebetean. Ondorioz, % 10,68ko beherakada izan da.

Nekazaritzan 505 langabe gehiago daude Nafarroan. Era berean, zerbitzuetan langabeziak gora egin du (252), eta baita industrian (135) ere. Eraikuntzan (97) eta aurreko lanik gabeko kolektiboan (42), aldiz, behera egin du langabeen kopuruak.

Kontratazioari dagokionez, Nafarroan 31.187 kontratu berri egin dituzte urrian, irailean baino % 14,78 gutxiago eta 2014ko urrian baino % 12,71 gehiago. 29.590 kontratu aldi baterako kontratuak izan dira, eta 1.597 kontratu bakarrik izan dira mugagabeak.

82.327 langabe gehiago Estatuan

Era berean, Estatuan langabeziak % 2,01 egin du gora urrian, irailean baino 82.327 langabe gehiago zenbatu baitituzte. Guztira, 4.176.369 pertsona daude lanik gabe, baina langabeziak % 7,74 egin du behera, 2014ko urriarekin alderatuta, duela urtebete baino 350.435 langabe gutxiago baitaude.

Bestalde, 31.652 pertsona gehiago daude Gizarte Segurantzan alta emanda. Honenbestez, afiliazio kopuruak % 0,18 egin du gora, iraileko datuekin alderatuta. 17.221.467 pertsona daude kontratupean lanean Espainian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Espainian 2024 Nafarroako albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa