Ekonomia -

Doikuntza plana

Kutxabankek eta CCOO eta PK sindikatuek aurre-akordioa lortu dute

LABek ohartarazi duenez, "akordio horrek enplegua suntsituko du, aldi baterako kontratuak eta prekarietatea ugarituko dira eta zerbitzuak beste enpresa batzuei kontratatzea ekarriko du".

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kutxabanken zuzendaritza eta CCOO eta Pixkanaka sindikatuak aurre-akordio batera heldu dira, bankuaren doikuntza planaren harira. Sindikatuen arabera, iragarritako aurretiko erretiroen baldintzak hobetuko dituzte eta 30 langileri kontratu mugagabeak egingo dizkiete.

Zuzendaritzak murrizketak egin nahi ditu, 276 langileri aurretiko erretiroa emanda. Plan horretaz hitz egiteko bildu dira gaur bankuan gehiengoa duten CCOO eta Pixkanaka sindikatuekin. Aurre-akordioa lortuta, bihar berriro elkartuko dira, xehetasunak adosteko.

CCOO sindikatutik azaldu dutenez, joan den astean eskaera bat helarazi zioten zuzendaritzari 2016an 50 kontratu mugagabe egiteko, baina enpresak gehienez 30 egingo ditu.

“Gure proposamena finantza-sektorean egun dagoen ziurgabetasunean oinarrituta dago eta zalantza testuinguru horren ondorioz ez dugu gehiegizko kontrataziorik bultzatu nahi izan”, erantsi dute.

Bi aldeen arteko aurre-akordioari esker, aurretiko erretiroa hartu beharko duten langileek (1953an, 1954an eta 1955ean jaiotakoak) baldintza hobeak izango dituzte, enpresak konpromisoa hartu baitu behargin horiei hasiera batean proposatutakoa baino gehiago ordaintzeko.

LAB sindikatuaren kritikak

Bestalde, LABek akordio hori errefusatu du, Kutxabankek “enplegua suntsitzeko apustua” berretsi duelako; izan ere, “ia 300 aurretiko erretiro egingo dituzte eta horren aurrean 30 langile kontratatzea soilik planteatu dute”.

Kutxabankek azken lau urteotan “1.000 lanpostu” suntsitu dituela eta bankuan “200 langile aldi baterako kontratuekin” daudela gogoratu du sindikatuak.

Zuzendaritzaren eta “bere konplizeen” hitzarmenak enplegua suntsitzea ekarriko du, aldi baterako kontratuak eta prekarietatea ugarituko dira eta zerbitzuak beste enpresa batzuei kontratatzea eragingo du”.

ELAk bihar egingo du agerraldia aurre-akordio horren inguruan duen jarrera azaltzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Langileen Alkartasuna albisteak LAB albisteak Kutxabank Ekonomia 2024 Eguneko albisteak