Ekonomia -

Berantevillako lantegia

Enplegu espedientea baztertzeko eskatu dute Aernnovako langileek

Jaurlaritzari "hitzetatik ekintzetara pasatzeko" deia egin diote. Azaroaren 21erako Gasteizen manifestazio bat deitu du enpresa batzordeak.

Aernnovako langileek neurriak exijitu dizkiote Jaurlaritzari

1:29

aGentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aernovako enpresa batzordeak gogor kritikatu du zuzendaritzak Berantevillako lantegian 133 behargin kaleratzeko aurkeztu duen lan erregulazio txostena.  Langileen arabera, enpresak lan-karga badu eta, beraz, erregulazio espedientea ez dago justifikatua. Hala,  txostena atzera botatzeko eskatu dio enpresa-batzordeak Eusko Jaurlaritzari, "hitzetatik ekintzetara pasatuz".

Arabako lantegiko langileen ordezkariek agerraldia egin dute hedabideen aurrean, gaur goizean, Gasteizen, zuzendaritzaren planaren inguruan hitz egiteko. Besteak beste, mobilizazioak iragarri dituzte, datorren astetik aurrera.

"Negozioa ondo doa, aberasten ari dira eta, hala ere, langileak kaleratu nahi dituzte, hazkunde horretan bidelagun izan diren erakundeei iruzur eginez. Hori da Aernovaren proposamena; 133 langile kalean utzi, garestiak direla argudiatuta", esan dute.

"Iseka"

Aernovako zuzendaritzari "zenbakiak puztea" leporatu dio  langileen batzordeak; muntaketa alorreko langileen urteko batez besteko soldata 30.546 euroko dela esan zuten enpresako arduradunek, baina langileen hitzetan 25.658 eurokoa da batez besteko lan-saria. "Ardura guztia langileena dela helarazi nahi diote gizarteari, eta horretarako, 3.000 eurotik gorako iragarkiak jartzen dituzte prentsan", gaineratu dute.

Sortu zenetik, Berantevillako plantak 100 milioi euro  inguru jaso dituela diru-laguntza publikoetan esan dute langileek. "Euskadiko herritarren poltsikoetatik ateratako dirua da hori. Lotsagarria da, orain, Illescasera joatea zuzendaritza, hango diru publikoa zurrupatzera, hemen langileak eta aeronautika alorra lurjota utzita", salatu dute.

Gogora ekarri dutenez, duela urtebete Iñigo Urkullu lehendakariak enpresaren oparoaldia txalotu eta goratu zuen Mexikon. "Non daude orain? , nola geldiarazi behar dute, orain, eurek erraztu duten operazioa?", galdetu dute.

Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburuak, atzo, egindako adierazpenen harira, "hitzetatik ekintzetara" pasatzeko ordua dela esan dute, enplegu espedientea baztertuz.

Mobilizazioak

Enplegu erregulazio espediente mahai gainean egon arren, horren aurka "indar politiko, sozial eta administratibo guztia" biltzen saiatuko direla esan dute langileek. Enpresaren egoera ekonomikoa osasuntsua dela nabarmendu dute.

Datorren astean lanuzteak egingo dituzte, eta azaroaren 21erako manifestazioa deitu dute Gasteizen. Gizarte osoari egin diote manifestaziora joateko deia, "denoi egin digutelako iruzur, diru publikoa modu arduragabean erabilita".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Eusko Jaurlaritza Lana albisteak Ekonomia albisteak Albisteak