Ekonomia -

Defizit publikoa

Espainiak EBrekin adostutakoa baino ia puntu bat gorago du defizita

Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio Publikoaren jarduneko ministroak autonomia erkidegoei leporatu die desbideratzearen errua.

Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio Publikoaren jarduneko ministroa. Argazkia: Efe
Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio Publikoaren jarduneko ministroa.
Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio Publikoaren jarduneko ministroa. Argazkia: Efe

agentziak |erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio Publikoaren jarduneko ministroak azaldu duenez, 2015eko defizit publikoa Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 5,16koa izan zen, Bruselarekin adostutako % 4,2a baino ia puntu bat handiagoa.

Ministroak esan du desbideratze hori autonomia erkidegoen errua dela "hein handi batean", helburutik ia puntu batera geratu direlako (BPGren % 1,66, eta % 0,7 adostu zuten).

Hori dela eta, Montorok "neurriak" iragarri ditu erkidegoen desbideratze horiek zuzentzeko.

Gizarte Segurantzak ere goitik itxi zuen urtean (BPGren % 1,26, eta % 0,6 adostu zuten), baina hori administrazio zentralarekin (BPGren %2,7, eta % 2,9 adostu zuten) eta udalen superabitarekin (% 0,44) konpentsatu omen zuten, ministroaren arabera.

Montorok azpimarratu du legegintzaldi honetan ia erdira jaitsi dutela defizita (2011n % 9,13koa zen), eta urte arteko datuetan oinarrituta, defizitak % 5,5etik % 5,16ra egin duela behera, nahiz eta aitortu ez dela nahikoa izan.

Ministroak iragarri du agerraldia egingo duela "aurki" Kongresuko Ogasun eta Administrazio Publikoaren batzordean, baina horren aurretik azaldu du hainbat aparteko gastu izan direla defizitaren muga gainditzea behartu dutenak, tartean C hepatitisa duten 50.000 gaixoren tratamendua, 1.090 milioi euroko kostua izan duena.

Haren esanetan, gastu horrek "agerian" uzten du Gobernuarentzat "defizita zuzentzeak ez duela esan nahi behar sozial larrienei huts egin behar zaienik".

Era berean, autonomia erkidegoetan egin dituzten inbertsio bereziak aipatu ditu, Katalunian batik bat.

EAEk helburua bete du

Soilik hiru erkidegok bete zuten defizit helburua 2015ean % 0,7tik behera geratuta: Kanariak (% 0,54), Galizia (%0,57) eta EAE (%0,69).

Nafarroa dago 2014an baino defizit handiagoarekin amaitu zutenen artean (% 0,85etik % 1,28ra), eta defizit handiena Kataluniak (% 2,7), Extremadurak (%2,64) eta Valentziak (% 2,51) dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua albisteak Espainia Ekonomia