Ekonomia -

Greba Forondako aireportuan

Charter hegaldiak bertan behera gera daitezke Forondan, udan

Langile-batzordeak "manipulatzea" eta "xantaia egitea" leporatu dio Aenari, eta alderdiekin, eragile sozialekin eta erakundeekin bilera sorta egingo duela iragarri du.

Forondako aireportua. Argazkia: EFE
Forondako aireportua. Argazkia: EFE
Forondako aireportua. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Julian Camara Aenako arduradunak ohartarazi du Forondako aireportuan igande honetatik aurrera aurreikusitako charter hegaldiak “arriskuan” daudela eta aldi baterako kontratatu dituzten langileei kontratua eten beharko dietela, grebaren ondorioz.

Forondako aireportuko beharginak greban daude apirilaren 25etik. Lanuzteak gauez egiten dituzte, aireportuko jarduera orduetatik (20:30-08:30) kanpo, baina charter hegaldiak egunez dira, eta, beraz, horiei bai eragiten die grebak.

Aenak 22 langile kontratatu ditu, aldi baterako, egunez egiten diren charter hegaldien eskaintza areagotu ondoren. Sustapen Ministerioak % 100eko zerbitzu minimoak ezarri zituen maiatzaren 15a arte, baina astelehenetik aurrera grebak jarraitu egingo du eta ez da gutxieneko zerbitzurik egongo.

Hori dela eta, Camarak esan du igandetik aurrera eta udarako Forondan programatuta zeuden charter hegaldiak beste aireportu batzuetara eraman beharko dituztela, aireratzeko eta lurreratzeko aukera bermatzeko.

Hala bada, hegaldiak galtzeaz gain, aldi baterako 22 kontratazioak eten egin beharko dituztela ohartarazi du. Kontratu horiek ekainaren 30era arte sinatu zituzten, baina udan luzatzeko aukerarekin, charter hegaldien eskaintza handiaren ondorioz. Iragarpen horren arabera, baina, horiek ere airean daude.

“Manipulazio-kanpaina”

Bestalde, Forondako aireportuko langile-batzordearen esanetan, Aenak “xantaia” egin nahi die beharginei eta arabarrei, “porrot egin duen aireportu-eredua ezartzeko asmoz”. Hori dela eta, negoziatzeko eta aireportuaren bideragarritasuna bermatuko duen plana adosteko exijitu dio.

“Aenak manipulazio-kanpaina jarri du abian, aireportuko erabiltzaileen kalterako diren erabakiak justifikatu ahal izateko”, salatu dute langileek ohar baten bidez.

“Langileok bideragarritasun plan bat negoziatzeko borondatea erakutsi dugu, baita lanuzteak dauden bitartean programatutako hegaldiak bermatzea ere, baina, bitartean, Aenak hegaldi horiek bertan behera uzteko eta beste aireportu batzuetara eramateko mehatxua egin du”, nabarmendu dute.

Era berean, “tokiko beharrizanei” erantzuteko “ardura falta” egotzi dio langile-batzordeak Aenari.

Horren aurrean, langileen ordezkariek esan dute bilera sorta bat abiatuko dutela alderdi politikoekin, gizarte-eragileekin eta erakundeekin, euren eskaerei bultzada bat emateko asmoz eta Aenak Forondan duen “benetako estrategia agerian uzteko”.

Langile-batzordearen iritzian, pribatizazio prozesuaren azkeneko helburua Forondako aireportua ixtea da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Grebak gaur Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Gaurko azken ordukoa Udako albisteak Foronda albisteak