Ekonomia -

Krisia

Garraio sektorearen 'galbideaz' ohartarazi du Guitrans elkarteak

Azken zortzi urteetan, Euskadin 833 konpainia eta 12.500 lanpostu desagertu direla deitoratu du Gipuzkoako garraio enpresaburuen elkarteak.

Ignacio Cepeda Guitranseko presidentea. Argazkia: EFE
Ignacio Cepeda Guitranseko presidentea. Argazkia: EFE
Gipuzkoako garraiolariek 'dumpinarekin' kexu agertu dira

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Administrazioen “premiazko inplikazioa” eskatu du gaur Guitrans Gipuzkoako garraio enpresaburuen elkarteak, sektorearen “galbideari” aurre egin ahal izateko; izan ere, 2008tik 30.000 enpresa eta 130.000 lanpostu desagertu dira Espainian.

Ignacio Cepeda Guitranseko presidenteak prentsaurrekoa eman du gaur Donostian. Datorren larunbatean Guitransek batzar orokorra egingo du Miramar jauregian.

Sektorea babesik gabe aurkitzen dela salatu du Cepedak. Polonia, Errumania, Txekia, Lituania edo Bulgariatik enpresa ugari heltzen ari direla azaldu du Guitranseko ordezkariak. “Ez datoz aberastasuna sortzera, merkatua haustera eta agortzera baizik”, kritikatu du.

“Dumping sozial” horren aurrean Espainiako enpresa batzuek alde egin behar izan dute, merkatu nazionalean eta Europan “kostu askoz txikiagoekin” lan egin ahal izateko. Cepedaren ahotan, Errumaniara alde egin duen Espainiako enpresa batek, bost kamioirekin, urtero 130.500 euro aurrezten ditu.

“Lehia desleial” horrek Euskadiko enpresa asko ixtera bultzatu dituela salatu du Cepedak. Azken zortzi urteetan 833 konpainia eta 12.500 lanpostu desagertu direla deitoratu du.

Biriatu eta bidesariak

Azken sei hilabeteetan 143 egunetan 438 bat orduko auto-ilarak izan dira Biriatuko mugan. Cepedaren hitzetan, atzerapen ordu bakoitzak kamioi bakoitzeko 55 euroko kostua du.

Bestalde, Cepedak bidesarien aurka agertzeko aprobetxatu du agerraldia. Hala, Gipuzkoako Aldundiak N-I errepidean, Etzegaraten, ezarri nahi dituen bidesariak kritikatu ditu Guitranseko presidenteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Enpresaburuak Merkantzia-garraioari buruzko albisteak