Ekonomia -

Maiatzeko datuak

6.252 langabe gutxiago daude Hego Euskal Herrian

Nafarroan, % 3,97 egin du behera langabeziak. Foru Erkidegoan 1.704 pertsona gutxiago daude langabezian. EAEn, 4.548 pertsona gutxiago daude langabezian.

Ilara Lanbideko bulego batean, Bilbon. Artxiboko irudia: EFE
Ilara Lanbideko bulego batean, Bilbon. Artxiboko irudia: EFE
4.548 langabe gutxiago izan dira maiatzean Euskadin

1:17

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enplegu zerbitzu publikoan izena eman duten langabeen kopuruak behera egin du Hego Euskal Herrian maiatzean, 6.252 langabe gutxiago zenbatu baitituzte.

Nafarroan, % 3,97 egin du behera langabeziak. Foru Erkidegoan 1.704 pertsona gutxiago daude langabezian, 41.175 langabe zenbatu baitituzte. 2015eko amaieran baino 3.501 langabe gutxiago daude Nafarroan. Beraz, langabezia-tasak % 7,84 egin du behera.

2015eko amaieran baino 3.501 langabe gutxiago daude Foru Erkidegoan. Tasak % 7,84 egin du behera. 30.633 kontratu sinatu zituzten maiatzean.

EAEn, berriz, langabeziak behera egin du, laugarren hilabetez jarraian. 4.548 pertsona gutxiago daude langabezian, apirileko datuekin alderatuta. Honenbestez, langabezia-tasak % 2,98 egin du behera. Guztira, 148.013 langabe daude EAEn.

Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak gaur kaleratu ditu datuak. 2015eko maiatzeko datuekin alderatuta, langabeziak % 8,36 egin du behera Euskadin. Orduan baino 13.494 pertsona gutxiago zenbatu dituzte langabezian. Estatuan baino beherakada handiagoa da, % 7,68 egin baitu behera Estatu mailan.

Gizarte Segurantzak 5.926 afiliatu gehiago ditu Euskadin. Guztira, 912.394 afiliatu daude.

Lurraldeka, Arabak beherakadarik handiena izan du EAEn. 777 pertsona gutxiago daude langabezian, apirilarekin alderatuta; tasak % 3,12 behera egin du. Guztira, 24.163 langabe daude Araba.

Beherakadarik txikiena Gipuzkoan

Gipuzkoan, ostera, langabeziak ez du hainbeste behera egin (% 2,98). 256 langabe gutxiago daude lurraldean. Guztira, 40.332 gipuzkoar daude langabezian.

Bizkaian, 2.593 pertsona gutxiagok eman dute izena Lanbideko zerbitzuetan. Guztira, 83.518 langabe bizkaitar daude. Tasak % 3,01 behera egin du.

148.013 langabetik 9.065 25 urtez azpikoak dira Euskadin. Apirilean baino 59 pertsona gehiago daude langabezian, adin tarte horretan.

2.427 langabe gizonezko (67.923) gutxiago daude langabezian, EAEn. Era berean, 2.021 emakume langabe (80.090) gutxiago daude.

Beherakadarik handiena zerbitzuetan

Sektoreka, langabeziaren beherakadarik handiena zerbitzuetan eman da. Guztira, 3.447 langabe gutxiago maiatzean. Ondoren, industria (605 gutxiago), eraikuntza (499) eta nekazaritza (144) agertzen dira zerrendan.

Bestalde, aurretik lanik izan ez dutenen kopuruak gora egin du (147 langabe gehiago).

Kontratuei dagokionez, 80.095 sinatu ziren, apirilean baino 10.123 gehiago. Horietatik 5.539 mugagabeak izan dira (apirilean baino 263 gehiago) eta 74.556 aldi baterako.

Toñaren eta Laparraren balorazioa

Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak pozik hartu ditu maiatzeko langabezia datuak, eta 2012ko tasara jaistea lortu dela nabarmendu du. Dena dela, iraupen luzeko langabezia kezkagarria dela ohartarazi du: "Kroniko izaten hasi eta egiturazko arazo bihurtu da".

Maiatzeko datuak "onak" direla aitortu du sailburuak, baina langabezia tasa % 10etik jaitsi arte Jaurlaritzak amore emango ez duela azpimarratu du.

Miguel Laparra Nafarroako Gizarte Politika, Enplegu eta Etxebizitza kontseilariak ere langabeziaren "beherakada nabarmena" ospatu du. Haren hitzetan, urte arteko tasari erreparatuta, ia % 8ko beherakada izan du, eta jaitsiera hori espainiar estatuko "batez bestekoa baino handiagoa da".

"2.300 enplegu falta zaizkigu krisia hasi baino lehenago genuen maila erdiesteko, baina egiturazko defizit nabarmena dugu oraindik, eta ezin gara horrekin konformatu", nabarmendu du Laparrak.

Espainia

Bestalde, Espainian langabezia-tasak % 2,99 egin du behera maiatzean. Hala, 119.768 pertsona gutxiago zenbatu dituzte Enpleguko Institutu Nazionalean (INEM) izena emanda. 2010eko abuztutik aurrenekoz, kopurua lau milioi langabeen azpitik (3.891.403) kokatu da.

Fatima Bañez Enplegu ministroaren hitzetan, lanik ez dutenek “lanpostu bat aurkitzeko itxaropen handiagoa dute gaur”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Espainian Albisteak Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Lana albisteak Ekonomia Gaurko azken orduko albistea