Ekonomia -

Langabezia

Uztailean 3.013 langabe gutxiago zenbatu dituzte EAEn eta Nafarroan

Foru erkidegoan oso apala izan da beherakada: 52 pertsonak lortu dute lana. Horrenbestez, 181.070 lagun daude Hego Euskal Herrian lan gabe.

Langabeziak beherako joerarekin jarraitzen du Euskadin

1:28

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uztailean 3.013 langabe gutxiago zenbatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan, Espainiako Ekonomia Ministerioak emandako datuen arabera. Horrenbestez, 181.070 pertsona daude Hego Euskal Herrian lan barik.

2015eko uztailarekin alderatuta, 15.133 lagun gutxiago zeuden lan gabe.

Lurraldeka, Araban jaitsi da gehien langabezia (portzentajeari erreparatuta, bederen). Bertan, 638 pertsona gutxiago zeuden Lanbiden izena emanda (% 2,69 gutxiago). Gipuzkoan da zerrendan bigarrena, % 2,11ko jaitsierarekin eta 824 langabe gutxiagorekin. Bizkaian, % 1,84 jaitsi da langabezia (1.499 pertsona gutxiago lan gabe). Nafarroan oso beherakada apala izan du uztailean: % 0,13ko jaitsiera eta 52 langabe gutxiago.

2015eko uztaileko datuekin alderatuta, Gipuzkoa izan da jaitsiera gehien izan duen lurraldea (% 9,46 gutxiago, eta 3.996 langabe gutxiago); Araban % 8,38 egin du behera langabeziak (2.108 pertsona gutxiago lan egin barik), Bizkaian % 7,29 (6.305 langabe gutxiago) eta Nafarroan % 6,44 (2.724 langabe gutxiago).

Estatuan, ekainean baino 83.993 gutxiago zeuden enplegu bulegoetan izena emanda. Uztaila batean izandako beherakadarik handiena da honakoa, 1997tik. Espainiako Estatuan 3.683.061 langabe daude.

Langabezia, gazteriaren artean

Uztailean Hego Euskal Herrian zeuden 181.070 langabeen artean 12.061ek 25 urte baino gutxiago zituzten, eta 10.806 emakumezkoak ziren.

Arloka, denetan egin du behera langabeziak, Nafarroan zerbitzu sektoreak izan ezik (igo egin da, 199 pertsona geratu baitira lan barik). Txanponaren beste muturrean, zerbitzu sektorean izan da gorakadarik handiena EAEn 1.371 beharginek eskuratu dute lana. Eraikuntza (701 langabe gutxiago) Industria (514 langabe gutxiago), Aurretik Lan Gabe (300 gutxiago) eta Nekazaritza (77 gutxiago). Nafarroan, aurretik lan gabe zeudenen artean jaitsi da gehien langabezia (73 pertsona gutxiago), ondoren ageri dira Industria (64 gutxiago), Eraikuntza (59 gutxiago) eta Nekazaritza (55).

Uztailean 111.401 kontratu berri izenpetu dira Hego Euskal Herrian, ekainean baino 9.655 gutxiago, eta 2015eko uztailean baino 5.768 gutxiago. Estatuan, kontratazioak behera egin du, % 5,42 aurreko hilabetearekin alderatuta. Iazkoarekin erkatuta, ordea, gora egin du, % 1,14.

Sinatutako kontratuen % 94,6 aldi baterakoak ziren. Guztira, 105.462.

Gizarte Segurantza

EAEn behera egin du Gizarte Segurantzan izena emanda daudenen kopurua, gutxi bada ere (% 0,10). 2015eko uztailarekin alderatuta, aldiz, gora egin du (% 1,92). Guztira 912.386 pertsona daude alta emanda.

Nafarroan, 1.019 afiliatu gutxiago zenbatu dituzte uztailean, aurreko hilabetearekin alderatuta. Urte arteko tasak, berriz, gora egin du, % 2,49. 264.144 pertsona daude Gizarte Segurantzan izena emanda.

Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren balorazioa

Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu duenez, uztaila "ez da hilabete ona" izaten langabeziari dagokionez. Industria eta hezkuntza alorrean behera egiten du jarduerak, eta Estatuan ez bezala, Euskadin ez dago "turismoaren horrenbesteko bultzada".

Angel Toña enplegu sailburua Jaurlaritza. EFE

Sailburuaren hitzetan, EAEn enpleguaren hazkundea moteltzeko joera dago, Europa osoan bezala, baina Euskadin "ondo ari diogu eusten", esan du.

Gizarte Segurantzaren afiliatuen datua positiboa dela adierazi du Toñak, azken hilabeteetan 900.000ko langa igarota baitago.

Manu Ayerdi Nafarroako Gobernuaren Ekonomia Garapenerako presidenteordeak onartu duenez, uztaileko datua "ez da ona". Haren hitzetan, "joera orokorrean ondo gabiltza, baina uztaileko datu hau ez da ona, ez da borobila".

Azken hilabetean Gizarte Segurantzan izena emanda zeuden 1.000 pertsona galdu izana ere deitoratu du Ayerdik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Espainian 2024 Nafarroa gaur EAE albisteak Lana azken orduko albisteak Ekonomia