Ekonomia -

Txostena

Lan Ikuskaritzak 15.000 kontratu ikertu eta 1.873 arau-hauste aurkitu ditu 2017an

Euskadiko Lan eta Gizarte Segurantzaren Ikuskaritzak 15.105 lan-kontratu aztertu zituen eta horietako ia 2.000 kontratutan irregulartasunak antzeman zituzten.

Lan eta Gizarte Segurantzaren Ikuskaritzaren txostenaren aurkezpena. Argazkia: Eusko Jaurlaritza.
Euskadiko Lan eta Gizarte Segurantzaren Ikuskaritzaren txostenaren aurkezpena.
Lan eta Gizarte Segurantzaren Ikuskaritzaren txostenaren aurkezpena. Argazkia: Eusko Jaurlaritza.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko Lan eta Gizarte Segurantzaren Ikuskaritzak 15.105 lan-kontratu aztertu zituen 2017an, eta horietako ia 2.000n (1.979) % 13ko irregulartasunak antzeman zituzten. Ondorioz, aldatu behar izan zituzten, kontratuak mugagabeak egiteko edo lanaldi partzialeko kontratazioen kasuan lan-orduak gehitzeko.

Bestalde, ikuskatze horiei esker, Gizarte Segurantzan 2.686 langile gehiago izatea lortu zuten iaz.

Maria Jesus San Jose  Lan eta Justiziako sailburuak Euskadiko Lan eta Gizarte Segurantzaren Ikuskaritzaren 2017ko jardueren txostena aurkeztu du asteazken honetan, Jon Azkue  Lan eta Justiziako sailburuordearekin eta Iciar Gonzalez Lan Ikuskaritzako zuzendariordearekin batera.

Guztira, Lan Ikuskaritzak 37.129 jarduera egin zituen iaz eta 1.874 arau-hauste antzeman zituen horietan; horrek, 8,1 milioi euro utzi zituen. Bestalde, likidazio-espedienteei esker beste 31,1 milioi euro bildu zituen Ogasunak, San Josek azaldu duenez.

Horrez gain, 5.671 errekerimendu (arau-hauste barik egindako abisuak) egin zituzten.

Laneko istripuen ikerketen harira, Gonzalezek guztiak ikertzen direla esan du. Hori horrela, 2017an 19 zehapen-espediente zabaldu ziren heriotza eragin zuten istripuengatik edo istripu oso larriengatik.

Sailburuaren hitzetan, datuok "izugarri onak" dira, eta miaketen eraginkortasuna agerian uzten dute. Hortaz, 2018an bide beretik jarraituko dutela iragarri du, batez ere, kontratazioan ematen den iruzurra kontrolatzeko asmoz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia 2024 Albisteak