Ekonomia -

Elkarretaratzea

Valerio eta Urkullurekin elkarrizketa zuzena izatea eskatu dute Bizkaiko pentsiodunek

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak Eusko Jaurlaritzaren BGAEei euskal langile guztiek egindako ekarpenekin osatzeko proposamena arbuiatu dute.

Elkarretaratzea Bilboko Udalaren aurrean / Argazkia: EITB.
Elkarretaratzea Bilboko Udalaren aurrean / Argazkia: EITB.
Elkarretaratzea Bilboko Udalaren aurrean / Argazkia: EITB.

Agentziak | Erredakzoa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak Espainiako Lan ministro Magdalena Valeriorekin eta Iñigo Urkullu lehendakariarekin "elkarrizketa zuzena" izatea eskatu du, euren eskakizunak "argi eta garbi" helarazteko, eta Eusko Jaurlaritzaren proposamena arbuiatu dute, BGAEei euskal langile guztiek egindako ekarpenekin osatzeko.

Bizkaiko jubilatuen plataforma berriz elkarretaratu da, astelehenero bezala, Bilboko Udalaren aurrean, pentsio "duinak" eskatzeko eta pentsioen sistema publikoa defendatzeko. Jende gutxiago egon da, tenperatura altuak eta oporrengatik.

Aurreko astean Pentsioen Sistema Publikoaren aldeko Estatu Koordinakundeak Valerio ministroarekin izandako bilerari buruz, Bizkaiko bozeramaileek gogoratu dute ez zutela parte hartu ez zirelako gonbidatuak izan.

"Valerio ministroarekin eta Urkullu lehendakariarekin elkarrizketa zuzena izatea" defendatu ostean, bilera hura "kortesia" izan zela esan dute. Jubilatuen aldarrikapenak helarazi zioten ministroari. Tartean, pentsio minimoa 1080 eurora igotzeko proposamena, Euskaditik bultzatua.

"Ministroaren erantzuna hitz onekoa izan zen, baina eduki gutxikoa", esan dute.

Argitu dutenez, Valerio ministroak "zalantzak azaldu zituen" Gizarte Segurantzan kotizatzeko maximoa kentzearen proposamenari.

BGAEen kontra

Elkarretaratzean Eusko Jaurlaritza ere kritikatu dute, euskal langile guztientzako pentsioen plan osagarri pribatuak proposatzeagatik, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen (BGAE) bitartez, administrazioetako langileek dutenen antzerakoak.

Proposamenak "gizarte segurantzaren kotizazioak % 6 gutxitzea" ekarriko lukeela uste dute, eta auzi horretan "aurrean izango gaitu" Jaurlaritzak. “Ez dugu onartuko iruzur egitea ezta lapurtzea ere", esan dute.

Bizkaiko pentsiodunen ustetan, BGAEek "Gizarte Segurantza deskapitalizatzen dute eta justifikatu gabeko pribilegio fiskalak dituzte".

Esan dutenez, Euskadiko BPGaren % 34 ordezkatzen dute gizarte-aurreikuspeneko erakunde hauek, eta "kapital horren zati gehiena Euskal Herritik kanpo inbertituta dago, helburua ezagutu gabe".

BGAEak "bankuentzat baino ez dira errentagarriak. Lehentasunezko negozioa bihurtzen ditu, pentsio maximoa bermatuta duten errenta altuentzat. BGAEek ez dute aberastasuna banatzen, desberdintasunak areagotzen baizik", kritikatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Ekonomia Pentsioak