Ekonomia -

Energia garbia

Olatuen bidez energia sortzen duen Europako lehen planta, Mutrikun

Patxi Lopez lehendakariak ostiral honetan inauguratuko du ofizialki itsas instalazioa, olatuen energia aprobetxatzeko eraikitakoa.

Olatuak, energia iturri Mutrikun. Zelan lortzen da hau?

89

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Energia olatuen indarretik hartzen duen lehenengo planta Mutrikun dago. 2,3 milioi eurokoko inbertsioa behar izan du eta urtean 600.000 kw/h ekoiztuko ditu, 600 pertsonen kontsumoa hornitzeko beste.

Era berriztagarri eta garbi horretan sortuko den energiari esker, urtean 600 tona CO2 ez aireratzea lortuko da, basoko 60 hektarearen ingurumen onuaren baliokidea.

Horrelako ezaugarriak dituen planta bakarra da munduan, antzeko ezaugarriekin dauden beste bi instalazio, Portugal eta Eskozian, prototipoak baitira, eta haien helburu nagusia ikertzea da eta ez energia ekoiztea.

Mutrikuko energia-instalazioa, funtsean, Eusko Jaurlaritzaren bi sailen artean egindako lan bateratuaren emaitza da. Izan ere, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak abian jarri zuen Mutrikuko kaia babesteko dike berriaren eraikuntzaren harira, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Energiaren Euskal Erakundearen bitartez, aukera interesgarria ikusi zuen energia ustiatzeko bertan, era berriztagarrian ustiatu ere.

Proiektuaren guztizko inbertsioa 6,7 milioi eurokoa izan da; horietatik 2,3 milioi energia-instalazioari dagozkio.

Mutrikuko energia-instalazioak OWC (Oscillating Water Column ingelesezko siglez edo ur-zutabe kulunkaria) deritzon teknologian oinarritzen da, Voith Hydro taldekoa den Wavegen konpainia eskoziarrak egokitua. Gaur egun, olatuen energia ustiatzeari begira, merkatuan dauden teknologien artean helduenetarikoa da. Instalazioan diren turbinak, berriz, Voith Hydro Tolosa euskal enpresak fabrikatu ditu, Gipuzkoako herri horretan duen lantegian.

Mutrikuko sistemaren funtzionamendua, nagusiki, olatuak aireari eragiten dion presioan datza. Hala, dike barruan 16 aire-kamera daude eta laburtuta, hauxe da haren funtzionamendua: olatua heltzen denean, ura kameran sartzen da eta barruan dagoen airea konprimitu ondoren, goiko aldeko zulotik irteten da presio handiz. Konprimitutako aire horrek turbinari eragiten dio eta, aldi berean, alternadoreari birarazten dio. Hala, energia elektrikoa sortzen da.

Olatua aldentzen edo ateratzen denean, aldiz, aipatutako zulotik airea xurgatzen du eta turbinari eragin ostean, energia elektrikoa sortzen du berriz ere. Itsasoko urak ez ditu inoiz ukitzen instalazioaren tresna elektromekanikoak.

Mutrikuko instalazioa, ordea, merkaturatze aurreko edo prekomertzial plantatzat har daiteke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea