Ekonomia -

Parlamentua

Barcinak zuhurtzia eskatu du Estatuari eskumen gehiago eskatu aurretik

Nafarroako presidenteak, bestalde, nahiago du hauteskundeak pasa arte itxaron gastuari muga jartzeko legea onartzeko. Oposizioko alderdiek kritikatu egin dituzte atzo iragarritako murrizketak.

Yolanda Barcina Nafarroako presidentea, gaur. Argazkia: Efe
Yolanda Barcina Nafarroako presidentea, gaur.
Yolanda Barcina Nafarroako presidentea, gaur. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak "zuhurtzia" eskatu du Estatuari eskumen gehiago eskatu aurretik eta gastu publikoari muga jarri aurretik.

Presidenteak agerraldia egin du gaur goizean Parlamentuan bi neurri horiez hitz egiteko eta krisi garaian eskumenak eskatzea ez dela "lehentasuna" azpimarratu du.

Azaldu duenez, "ez dago funtsezko eskumenik gainerako erkidego guztiek hartu eta Nafarroak ez duenik", izan ere, "eskumenei dagokienez, maila gorenean" omen dago Foru Erkidegoa.

Gainera, "zuhurtzia" eskatu du gastu publikoari muga jartzeko legeari buruz, izan ere, hori "sustatzea" da Nafarroako Gobernuaren helburua, baina hauteskunde orokorren emaitzak jakin arte ez dute egingo, Estatu mailan har ditzaketen neurriengatik.

NaBai

Xabi Lasa Nafarroa Baiko parlamentari eta Berriozarko alkateak esan du udal nafarren aurrekontuen murrizketa gaizki egina dagoela eta irizpide objektiboekin udaletxeen finantzak arautuko dituen lege bat egitea eskatu du.

Lasak esan du Nafarroako Gobernuak "historikoki gutxietsi" izan dituela udalak eta orain laugarren hiruhilekokoa % 30 murriztuta udal zerbitzuak kolokan egon daitezkeela.

Parlamentariak adierazi duenez, egoera ekonomikoa ona zenean ere alkateak kexu ziren Nafarroako Gobernuak ematen zien finantziazio "urriaz", beste erkidego batzuetan baino "askoz ere txikiagoa" zelako.

Hala ere, udalek haienak ez ziren eskumenak hartzen jarraitu omen zuten, Foru Gobernuak bere gain hartzen ez zituen zerbitzuak zirelako.

Hori horrela, NaBaiko ordezkariak uste du ezin dela murrizketarik egin Aurrekontuen Legea aldatuz, Udal Ogasunen Funtsaren Legea aldatuz baizik.

Bildu

Bestalde, Maiorga Ramirez Bilduren ordezkariak gaur adierazi duenez, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, Alvaro Mirandak, "dimisioa aurkezteko ideia aztertu beharko luke", Nafarroan azken urteean aplikatutako politika "erabat okerraren" erantzulea delako.

Gainera, Ramirezek "diru-kutxen egoera ekonomikoaren eta azken urteetan gauzatutako kudeaketa negargarriaren arduradunen" dimisioa eskatu du. Prentsaurrekoan Bilduren beste bozeramaile batek, Bakartxo Ruizek, eta koalizioko gainerako foru parlamentarioek ere hartu dute parte.

Ramirezek erantzukizunak euren gainean har ditzaten eskatu die "dirua gizartearen ongizatean inbertitu beharrean xahutu egin dutenei", "funtzionatu ez duen" krisiaren aurkako plana diseinatu dutenei eta aurtengo aurrekontuak "gaizki" eratu dituztenei.

Ruizek Nafarroako Gobernuak aurkeztutako gastu-murrizketekin "oso kezkatuta" dagoela esan du eta, gainera, "gehiengoak gutxi batzuen trakeskeria ordaindu beharko duela" azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea