Ekonomia -

Aldi baterako lan erregulazioa

Akordiorik gabe Mercedesen; beraz, enpresa soldataren % 80 osatzera derrigorturik ez dago

Horrela, 30 eguneko espedientea ekainera arte aplikatuko da akordio barik. ELAk erregulazioaren "erabilera masiboa" kritikatu du. Enpresak 276 milioi euroko mozkinak izan dituela gogorarazi du LABek.

Gasteizko Mercedes lantegia. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Gasteizko Mercedes lantegia. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Gasteizko Mercedes lantegia. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aldi baterako lan erregulazioko espediente berriaren negoziazio epea bukatu da Gasteizko Mercedes lantegian, eta akordiorik gabe amaitu da. Ondorioz, enpresa ez dago soldataren % 80 osatzera derrigorturik prozeduran.

Espedientearen kontsulta epea iragan ostiralean amaitu zen, baina bi eguneko luzapena erabaki zuten azken bileran, akordioa ixtea posible izan ez zelako; izan ere, UGTk testua ez babestea erabaki zuen azkenean. CCOO, Ekintza eta PIM babestearen alde agertu ziren.

Proposamenean, enpresak, besteak beste, soldataren % 80 osatzea eskaini zuen, hasierako planteamendua hobetuz. Horrela, beharginek % 70 baino gehiago kobratu behar zuten, aldi baterako lan erregulazio espedienteen araudiak aurreikusi bezala.

Proposamenarekin aurreko bi espedienteen ordainsaria berdintzen zuen Mercedesek. UGTk, nahiz eta ados egon, testua ez babestea erabaki zuen, enpresa-batzordeko beste sindikaturen batek (ELA, LAB edo ESK) bat egitea nahi zuelako.

Blokeo egoera ikusita, zuzendaritzak asteartera arteko epea eman zuen, gehiengo sindikal zabalago bat lortzea eta proposamena sinatzea posible ote zen ikusteko.

Hala ere, gaurko bileran ostiralean gertatutakoa errepikatu da: UGTk bere babesa beste sindikatu batenarekin lotu du, baina ELAk, LABek eta ESKk ez dute bat egin, enpresako eta sindikatuetako iturriek jakitera eman dutenez.

Gauzak horrela, 30 eguneko espedientea ekainera arte aplikatuko da akordio barik; beraz, soldatak osatzeko erabakia enpresaren esku geratu da.

Mercedesen aldi baterako lan erregulazio espedienteen "erabilera masiboa" kritikatu du ELAk agiri batean. Sindikatu abertzalearen esanetan, "behar baino lanegun gehiago lan egin eta larunbatak planifikatu direnean" erregulazio espediente bat proposatzea "ez da normala", are gutxiago, ekoizpen helburu "errekor edo irreala" bete ahal izateko.

Bestalde, enpresak 276 milioi euroko mozkinak izan dituela gogorarazi du LABek. Lan erregulazioa baino lehen, "beste neurri batzuk hartzea posible zen, hala nola, lan erritmoak jaitsi -beti lanpostuak mantenduz- beharginen lan baldintzak hobetuz, okertu beharrean", erantsi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba ELA LAB Euskal Autonomia Erkidegoa Enplegu-erregulazioko espedienteak Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Mercedes Benz Sindikatuak Enpresaburuak CCOO UGT Automobilgintza