Ekonomia -
Garraiolarien greba
Produkturik ez pilatzeko eskatu die Eusko Jaurlaritzak herritarrei, hornidura ziurtatuta baitago
Banatzaileek produkturik ez dela faltako esan dute, eta horiek pilatzeak salneurriak igotzea eta eskasia ekarriko lituzkeela ohartarazi dute.
Agentziak | EITB Media
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak "produkturik ez pilatzeko" eskatu die kontsumitzaileei, eskasia eta garestitzea ekiditeko, merkantzien hornidura ziurtatuta baitago, garraioaren sektorea greban dagoen arren.
Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan, Zupiriak esan du Exekutiboak "nahiko informazio zehatza" duela, Euskadiko Elikaduraren Clusterrak eta EAEko enpresa banatzaileek emanda. Horien arabera, hornidura ziurtatuta dago, baina "egia da produktu jakin batzuk falta daitezkeela".
Horregatik, herritarrei "produkturik ez pilatzeko" eskatu die. "Pilatze horren emaitza estanterietan produktu batzuk falta izatea da, baina, batez ere, beste produktu batzuk garestitzea", gehitu du.
Zupiriak esan duenez, "garestitze hori eta eskasia hori" ekiditeko modurik onena herritarrek "neurriz eta zuhurtziaz jokatzea" da.
Bozeramaileak gehitu du enpresa banatzaileek Jaurlaritzari eskaera hori egiteko galdegin diotela, haiek ere "prezioen igoeraren biktima direlako".
Bestalde, Eroski eta BM saltokietako arduradunak keztatua daude garraiolarien grebak eragin duen egoeragatik, baina azpimarratu dute ez dutela hornidura faltarik aurreikusten eta, beraz, lasaitasunerako deia egin dute.
"Ikusi dugu jendeak erosketak handitu dituela, baina elikagaiak pilatzeko beharrik ez dago momentu honetan", ziurtatu du Kristian Prieto Eroskiko Komunikazio arduradunak.
Halaber, bezeroak gehiago erosten ari diren arren, egoera honek saltokiei mesede egiten diela ukatu du: "Ziurgabetasun egoera hau ez da ona inorentzat", nabarmendu du.