Ekonomia -
FORMAKUNTZA
Aretxabaletako Behizain eskolak bere bideari ekin dio, esnetarako behien azpisektorea biziberritzeko asmoz
Zentro berriak Arantzazuko Artzain Eskolaren eredu pedagogikoa behien behar espezifikoetara egokituko du. Areantza Etxebarri baserrian eskainiko dute prestakuntza Julen eta Agustin Abasolo anaiek.
EITB MEDIA
25 urteko ibilbidea duen Arantzazuko Artzain Eskolarekin batera, Behizain Eskola izango da aurrerantzean Euskal Herrian. Artzain Eskolaren esperientzia oinarri hartuta, Aretxabaletan kokatuko den zentro berriak eredu pedagogikoa behien behar espezifikoetara egokituko du. Helburua kalitatezko prestakuntzaren bidez esnetarako behien azpisektorea biziberritzea da.
Areantza Etxebarri baserrian eskainiko dute behien inguruko prestakuntza Julen eta Agustin Abasolo anaiek. Sektorean esperientzia handia dute eta gaur egun 260 abelburu eta 80 hektarea lursail dituzte.
Formakuntza honetan parte hartzea erabakitzen dutenek ingurune horretan ikasi, bizi eta lan egingo dute, esnetarako behien sektorean aritzen direnen eguneroko lanak bertatik bertara jarraitzeko.
Gaur goizean aurkeztu da Behizain Eskola Aretxabaletan, eta bertan parte hartu du, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak.
Eusko Jaurlaritzak HAZIren eta Gomiztegi kooperatibaren bidez bultzatutako ekimena da.