Ekonomia -

Libor tasaren eskandalua

Hiru dimisio Barclaysen, interes-tasa manipulazioagatik

Bob Diamond, Jerry del Missier eta Marcus Agius Barclays konpainiako buruek dimisioa aurkeztu dute, Londresko banku arteko merkatuan gordailuetarako eskainitako interes-tasa (LIBOR) manipulatzeagatik.

Bob Diamond Barclays konpainiako kontseilari delegatua. EFE
Bob Diamond Barclays konpainiako kontseilari delegatua. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bob Diamond Barclays konpainiako kontseilari delegatuak dimisioa aurkeztu du astearte honetan, Londresko banku arteko interes-tasa manipulatzeagatik piztutako eskandalua dela eta. Ohar baten bidez azaldu duenez, ''kanpotik eragindako presioengatik'' eman du dimisioa.

60 urte ditu eta Erresuma Batuko bankaririk aberatsenetako bat da Diamond. 105 milioi liberako (130 milioi euro) dituela kalkulatzen dute. Londresko burtsako enpresetako buruen artean, soldatarik handiena duen kontseilari delegatua da.

Ez da izan azken 24 orduetako dimisio bakarra, ordea. Astelehen honetan Marcus Agius Barclays konpainiako presidenteak eman du dimisioa, eta, Diamonden ondoren, Jerry del Missier operazio zuzendariak utzi du kargua.

Joan den astean piztu zen eskandalua. Erresuma Batuak eta AEBek 360 milioi euroko isuna ezarri zioten Barclaysi 2005a eta 2009a bitartean Liborra (Londresko banku arteko interes-tasa) eta Euriborra (euroaren eremuko diru-merkatuko banku arteko erreferentzia tasa) manipulatzeagatik. Badirudi, 2008ko krisian murgilduta zirela, beren mesedetan manipulatu zutela interes-tasa, sendotasun irudia emateko.

Gertatutakoa ikertzeko, Parlamentuan batzorde berezia sortuko duela iragarri zuen atzo David Cameronek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea