Ekonomia -
INFLAZIOA
Azukrea, gurina, esnea, zerealak eta esnekiak, azken urtean gehien garestitu diren oinarrizko produktuak
Iazko apiriletik aurtengo apirilera, azukrea % 49,6 garestitu da; gurina, % 31,2; esne osoa, % 27,7; esne gaingabetua, % 27,5; zerealak, % 18,2, eta esnekiak, % 17,6.
O. A. | EITB Media
Urte arteko KPIa % 4,1eraino igo da Espainiako Estatuan, apirilean. Elikagaien prezioak ere garestitu dira, % 12,9, igoera hori apaldu egin bada ere; izan ere, martxoan 3,6 puntu altuagoa izan zen.
Joera horretan eragina izan du lekale eta barazkiak merkatzeak eta beste produktu batzuk (haragia, ogia, zerealak, olioa, esnea, gaztea eta arrautzak) iazko hilabete berean baino gutxiago garestitu izanak.
Azken 12 hilabeteotan, 2022ko apiriletik 2023ko apirilera, azukrea % 49,6 garestitu da gurina, % 31,2; esne osoa, % 27,7; saltsa eta bizigarriak, % 26,3; zerealak, % 18,2; esnekiak, % 17,6; beste elikadura prestakin batzuk, % 16,6, eta txerri haragia, % 16,1.
Halaber, % 10etik gora garestitu dira ur minerala, freskagarriak eta zumoak barne hartzen dituzten edariak (% 15,9), arrautzak (% 15,8), lekale eta barazki prestakinak (% 13,3), beste haragiak (% 12,6), olio eta koipeak (% 12,3), lekale eta barazki freskoak (% 11,2), alkoholdun edariak (% 10,4), arrain, krustazeo eta moluskuak (% 10,3) eta kafe prestakin, kakao eta infusioak (% 10,3).
Errusiak 2022ko otsailean Ukraina inbaditu zuenetik, KPIak eta elikagaien prezioek gora egin dute esponentzialki, eta oraindik ere gorantz egiten jarraitzen dute, igoera hori moteldu bada ere.