Ekonomia -

BIDE AZPIEGITURAK

GI-20ko zubibidea Loiolan eta N-1ekoa Andoainen birgaitzeko lanak hasiko ditu Gipuzkoako Aldundiak

Lanak abuztuaren 1ean hasiko dira, eta sei milioi eurotik gorako aurrekontua dute. "Bi azpiegitura hauen balio-bizitzaren amaiera ziklora gerturatzen ari gara eta lehentasunezko lanak gauzatu behar ditugu", adierazi du Maria Ubarretxena Bide Azpiegituretako diputatuak.

Loiolako Erriberak, gaur. Argazkia: EITB Media
Loiolako Erriberak, gaur.
Loiolako Erriberak, gaur. Argazkia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako errepide sareko bi azpiegitura garrantzitsu birgaitzeko lanak abiatuko ditu Foru Aldundiak: GI-20 errepidean, Donostiako Loiola auzoan, Urumea ibaiaren gainetik igarotzen den zubibidean, eta N-1ean, Andoain parean dagoen biaduktuan. Abuztuaren 1ean hasiko dituzte lanak.

Goizean aurkeztu ditu lanok Maria Ubarretxena Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuak, hedabideen aurrean egin duen agerraldian. Horren hitzetan, "ziklo berri honetan, garai bateko eraikuntzak, gradualki, eraikuntza-teknologia modernoago eta seguruagoekin birgaituko ditugu".  Halaber, nabarmendu du "erabilerak berak eta urteek berez sortutako higadurak eragindako kalteak arrisku bihurtu baino lehen" hasiko dituztela lanak.

Donostiako Loiola auzotik igarotzen den GI-20 errepidearen kasuan, zubibide osoak "beharko du zaharberritzea", baina hasierako fasean "Urumea gaineko zatia" birgaituko dute. Eskoratze-lanak egingo dituzte hor. "1972an jaso baitzen zubia eta zenbait puntutan trafikoak eta itsaso-ibaiaren erosioak hondatze handia eragin dutelako", zehaztu du. Lehen lan horiek abuztuaren 1ean hasiko dira, 4.840.000 euroko aurrekontua dute eta sei hilabetean amaitzea aurreikusten da. Obra definitiboa, aldiz, lau urte barru hasiko dela iragarri du diputatuak. 

Lanak egin ahal izateko, ez da beharrezkoa izango ibilgailu arinen joan-etorria etetea. Bai, ordea, 3,5 tonatik goragoko trafiko astunarentzat, garraio publikoa barne.

Andoain hegoaldeko N-1 errepidearen sarbidean dagoen zubibidean, berriz, galtzadaren plataforma altxatu egingo dute, eta oinarriak egonkortu. "Zubi hau 1976 urtekoa da eta, gainera, lurralde osoko trafiko astun eta berezi gehien jasaten duen puntuetako bat da. Hori horrela, egitura osoa saneatzea ezinbestekoa da", azaldu du.

Kasu horretan, lanek lau hilabete irautea aurreikusten da, eta 1.614.000 euroko aurrekontua dute. "Jarduketa honetan ere, kontu handiarekin egin beharreko lanez ari gara, katuen bidez altxatuko baita bidea eta langileak taularen azpian arituko baitira lanean. Horrenbestez, obrek dirauten bitartean arreta handiz gidatzeko eta ahal den neurrian, garraio publikoa erabiltzeko edo bide alternatiboak aukeratzeko" eskatu die herritarrei Bide Azpiegituretako diputatuak.

Hain justu, abuztuaren lehendabiziko egunean bertan 300 metroko bypassa jarriko da tarte horretan hilabete osorako. Gainera, 06:00etatik 22:00etara 3,5 tona baino gehiagoko kamioiei debekatu egingo zaie bertatik igarotzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Andoain Albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia Loiola auzoa Donostia